Gasteizko Txosnak: Albany, La Excavadora, Skabidean, Hofe, Ezta Ilen, Apolo G's, Eire, Erasoz Erantzun, Txopet eta STR

Erredakzioa 2023ko mai. 26a, 17:30
Gasteizko Txosnek beste hamar talde iragarri dituzte aste honetan. / ALEA

Abuztuaren 3tik 9ra bitartean, Gasteizko Txosnetako agertoki nagusietan izango dira Albany, La Excavadora, Skabidean, Hofe, Ezta Ilen, Apolo G's, Eire, Erasoz Erantzun, Txopet eta STR, baita Pineapple Sweets, Malandro, Miravalles DJak ere.

Gero eta gertuago daude Gasteizko jaiak, hiru hilabete baino gutxiago falta baitira. Eta jaiekin batera, EHUren Gasteizko Campusera itzuliko dira txosnak. Aurten, jaien egutegi ofizialari egun bat irabazita, abuztuaren 3tik 9ra, ostegunetik asteazkenera bitartean, zazpi festa egun, zortzi txosna, hiru karpa, lau agertoki eta dozenaka kontzertu, ikuskizun eta emanaldi izango dira Gasteizko Txosnagunean.

Maiatzean zehar, Gasteizko Txosnetako hiru oholtza nagusietan —agertoki nagusia, Entxosnatu Karpa eta Gazte Karpa— arituko diren musika talde eta DJak plazaratzen ari dira, eta, ALEAk jakin duenez, baieztapenak tantaka iritsiko dira ekainaren hasierara bitartean. Askotariko proposamenak izango dira, gustu eta estilo anitzekoak, baita sorpresaren bat edo beste ere.

Oraingoz ezagutu daitezkeen nobedade nagusietako bat Entxosnatu, etorri gugana! lelo berria da. Lehen begi-kolpean agian ez du gehiegi esaten, baina txosna batzordeko kideek ALEAri azaldu diotenez, "aurrerago hartuko du zentzua". Beraz, adi-adi ibili beharko gara datozen asteetan.

 

TALDEAK eta DJak

Orain arteko baieztapenak

ALBANY

Lehen aldiz Gasteizko Txosnetan, txosnaguneko oholtza nagusia sutan jartzera iritsiko da Albany abuztuaren 9an, jaien azken egunean. Gironan jaioa, Granadan hazia, eta gaur egun Madrilen bizi da, eta 2015etik dabil Espainiako Estatuko eszena urbano berrian bere lekua hartzen.

LA EXCAVADORA

La Excavadora punk rock talde arabarra 2019ko amaieran sortu zen. Agurainen sortutako musika proiektu honek Txiki (Gatillazo) eta Angelillo (La Polla Records, Rockaina) gitarrak, Pela (Sumision City Blues, Marky Ramone, Victimas Club) abeslaria, Buton (Gatillazo) baxu-jotzailea eta Mikel (Childrain, Vicepresidentes) bateria-jotzailea batu ditu. Lehen aldiz txosnagunean.

SKABIDEAN

Skabidean 2012. urtean Iruñean sorturiko ska, reggae eta rocksteady taldea da, eta oholtza nagusian arituko diren taldeetako bat izango da aurten.

HOFE

Agertoki nagusian izango da Hofe x 4:40, duela bost urte baino gehiagotik Iruñeko underground eszenan jaiotako proiektua. Igotz Mendez abeslariak (Hofe) eta Xabier Lafuente eta Marcos Galech ekoizleek (4:40) osatzen dute, musika elektronikoak markatuta eta trap, new wave edo synth pop estiloetako musika generoen eraginpean.

EZTA ILEN

2020an Zaldibar (Bizkaia) herrian hirukote moduan sortu zen Ezta Ilen taldea. Post punkaren aldaera hibridoa egiten dute, eta izen bereko lehenengo diskoa aurkezten ari dira orain. Besteak beste, Gazte Karpako agertokian izango dira Gasteizko jaietan.

APOLO G'S

Zaramaga auzotik, Entxosnatu Karpako oholtza nagusian izango da Apolo G's, rap abeslariak, produktoreak eta ikus-entzunezko ekoizleak biltzen dituen rap kolektibo gasteiztarra:  Krd'Krudo, BRN, Larri Larson, Kemena, JLM Beats eta Urtzi. Duela gutxi, kanala itxiarazi zien YouTubek. Hona hemen beren lanetako bat:

 
 
 
 
 
View this post on Instagram
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 

A post shared by APOLO G's (@apolog.s)

EIRE

Gazte Karpan arituko diren taldeetako bat da Eire. Ahots berria euskal musikaren eszenan. Hiru kantarekin berehalako oihartzuna lortu du Eire Salegik (Zarautz, 2002) eta Eire Maiak (Zumaia, 2002) osatutako bikoteak. Apirilaren 6an, Elorrioko Gazte Topagunean, bere lehenengo kontzertua eskaini zuen.

ERASOZ ERANTZUN

Erasoz Erantzun musika talde amurrioarrak kaleratu berri duen Azken arnasetik berpizkundera diskoa aurkeztuko du Entxosnatu Karpako oholtza gainean.

TXOPET

Gazte Karpako kontzertuen artean izango da Txopet hirukote bilbotarra. 2022ko Gaztea Maketa Lehiaketaren irabazlea. Melodiari begirako popa egiten dute nagusiki, baina zuzenekoetan "askoz ere zikinagoak" dira. Ez diete soinu berriei uko egiten, autotunea erabiltzeko beldurrik gabe, eta atmosfera desberdinak bilatzen dituzte. Kontzertu batean musika mota asko nabaritzen dira.

STR

Entxosnatu Karpan izango diren taldeen artean dago STR taldea, Laukatu eta Revolta Permanent talde ezagunetako kideek osatuta. Azken urteotan fenomeno global bihurtu den musika urbanoa Euskal Herrian ere finkatzen laguntzen ari den proiektuetako bat. Euskal Eskola Publikoaren 30. Jaiaren kanta egin dute aurten.

PINEAPPLE SWEETS (DJ)

Gazte Karpako gauetan arituko diren DJen artean, Gasteizko Pinneaple Sweets binilo jartzaile hirukote berria izango da. Punk, rock eta oi! soinuak hautatzen dituzte nagusiki.

MALANDRO (DJ)

Aurkezpenik behar ez duen gasteiztarra: DJ Malandro. Malandrismoa ardatz eta Parranda & Bitzio lelopean, beste urte batez Entxosnatu Karpa dantzan jartzen arituko da.

MIRAVALLES (DJ)

Gazte Karpan izango da aurten Miravalles. Bilboko Encarta klubean hasi zenetik, hiriko kluben eszenaren berpizkundearen arduradunetako bat da. Bere saioetan erritmo industrialetatik soinu latinoetara entzuten dira, hip-hop eta esperimentazio elektronikotik igarota. Bere begirada poliedrikoari esker, etorkizun oparoena duten Euskal Herriko hautatzaileen artean dago.

JUANTXO SKALARI & LA RUDE BAND

Iruñetik, Juantxo Skalari, Skalariak talde klasikoaren arima, La Rude Band taldeak lagunduta. Skalariak eta The Klubaren klasikoak eta ska eta reggae abesti propioak eramango dituzte txosnaguneko oholtza nagusira. 2020an Root Market hirugarren diskoa aurkeztu zuten.

TOC

Zazpi urte igaro dira Mungiako (Bizkaia) rock boskoteak 2016an lehen urratsak eman zituenetik. Aurten Gazte Karpako agertokian izango dira.

 
YNGRYD (DJ)

Ingrid Celis Yngryd, txiletar jatorrikoa, baina gazte-gaztetatik Gasteizen finkatua. 2014an Jimmy Jazz aretoan hasi zen ekitaldiak antolatzen, eta gaur egun Euskal Herriko techno underground eszenako izen nabarmenetako bat da. Bere soinu elektronikoekin lehen aldiz astinduko du Entxosnatu Karpa.

MERINA GRIS

Merina Gris 2020. urtean Donostian (Gipuzkoa) sortutako taldea da. "Pop zakarra" jorratzen dute, sintetizadore efektu indartsuz lagundurik. Lehen aldiz izango dira Gasteizko txosnagunean.

VIBORA

Gasteizko emotional hardcore taldea, 2018an sortutakoa. SINCVRV (2019) debut albumaren, Flor de Maíz (2021) singlearen eta Botánica (2021) EParen ostean, Pena (2022) EPa argitaratu zuen taldeak, Madrilgo Crossed hardcore taldearekin batera egindako split diskoa. Nazioarteko zein bertako dozenaka areto astindu ondoren, Entxosnatu Karpan izango dira aurten.

XERULA (DJ)

Gazte Karpako gauak berotuko dituzten DJetako bat izango da Xerula.

NEGRA CUCARACHA

Folk amerikarra eta horrorpunk zikin eta bizkorra uztartuz atmosfera apokaliptikoa garatzen duen Arabako terrorfolk laukotea. Gasteizko Txosnen banda lehiaketaren aurtengo irabazleak dira.

KOMADÜ (DJ)

Dub Stepa DJa Gazte Karpako gaua berotzen izango da.

 
ROSA MARI (DJ)

Lehen aldiz Entxosnatu Karpan izango dira gerriak astintzeko. Mamarratxeo eta tekno pornoa herriarentzat. Goxo eta gaizto.

 

LAMIA MARI

Gazte Karpan dantzan jarriko du DJ donostiarrak.

LOS CHIKOS DEL MAIZ

Los Chikos Del Maiz Valentziako rap talde politiko eta soziala da, El Negak (Ricardo Romero) eta Tony El Suciok (Toni Mejias) osatua. 2004an sortu zen, eta Espainiako Estatuko rap politikoaren erreferente nagusietako bat da. Une honetan Yes Future disko berria aurkezten ari dira, areto gehienetan sarrera guztiak agortuta.

 

DJ PEZON (DJ)

Aurten ere Entxosnatu Karpa dantzan jartzera dator musika jartzaileen bikotea.


 

TROPA DO CARALLO

Lehen aldiz txosnaguneko oholtza nagusian, Aguraindik iritsiko da Tropa Do Carallo, Evaristo Paramos erraldoiaren punk talde berria.

 

KOLPEKA

Mundu osoan ospetsu den Gernika hiritik dator Kolpeka, kontzertu bakoitzean beren hardcore soinuekin ipurdia ostikatzera eta punka oraindik ez dela hil gogoraraztera ateratzen diren lau gaztez osatutako talde berria.

 

BITSA JAIA

Klasikoetan klasikoena ezin da falta. Urtero Entxosnatu karpan dagoen bitsa jaia.


 

BULEGO

Azkoitian (Gipuzkoa) 2019. urtean sortutako pop estiloko musika taldea. Lehen aldiz Gasteizko txosnagunean, agertoki nagusian.

 

GORA ETORRI

Hemendik At bizi ezaren nostalgiak bultzaturik sortutako taldea. Agrodancea Euskal Herrian zehar zabaltzeko prest.

 

BALZA (DJ)

20 urte baino gehiago dira anaiarekin batera lehen ekipoa erosi zutenetik. Euskal Herriko klub, sala eta taberna askotatik igaro da. 2015ean, beste bi lagunekin, Haus Of Beats irratsaioa sortu zuten. Nahiz eta bere burua House DJ bezela definitzen duen, ambient/downtempoan hasi eta technoraino zabaltzen dira berak pintxatzen dituen doinuak.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide