Gida

Gasteizko jaietan, zer egin eraso matxisten aurrean?

Erredakzioa 2023ko uzt. 27a, 13:30

Jaietako eraso matxisten aurkako elkarretaratzea, iazko abuztuaren 10ean. ALEA

Mugimendu Feministak hainbat irizpide plazaratu ditu Gasteizko jaietan eraso matxistei aurre egiteko. Besteak beste, salaketak jasotzeko 747 414 834 telefono zenbakia aktibo izango da uneoro.

Gasteizko jaiak datoz berriz ere, abuztuaren 4tik 9ra bitartean, eta, urtero bezala, indarkeria matxistari aurre egiteko protokoloa aurkeztu du Gasteizko Mugimendu Feministak, Hau ez da jolasa, gure bizitzak jokoan daude. Autodefentsa feminista! lelopean. Bere aldetik, Gasteizko Udalak ere Libre izan nonahi kanpaina indartuko du jaietan, joan den astean iragarri zuenez.

Mugimendu Feministak azaldu duenez, jaietan ere presente dagoen indarkeria matxistari aurre egiteko "prozesu dinamiko eta aldakorra" da protokoloaren eraketa, eta "esperientziaren bidez" eguneratzen joan dira azken urteetan, "saiakera eta akatsen ikaskuntza eta hausnarketa kolektibotik".

Lehen aldiz protokoloa martxan jarri zenetik, besteak beste, terminologia eguneratu dute, indarkeriaren askotariko adierazpenak barnebildu dituzte, prebentziorako ekintzak dibertsifikatu dituzte, erasoen testuinguruan eragiten duten faktoreetan —balorazioa eta erantzuna— sakondu dute, eta gizonezkoek erasoetan jokatzen duten paperean sakondu dute.

Eraso matxisten aurkako protokoloa "tresna irekia" dela azpimarratu dute: "Tokian tokiko egoerak eta baldintzak anitzak dira, eta, beraz, eraso baten aurrean protokolo arduradunek momentuan nola erantzun erabakitzeko zilegitasun osoa dute"; hortaz, kolektibo eta eragile bakoitzak protokoloa bere errealitatera moldatuko du. Betiere, "kolektibo eta militante guztion ardura" dela ulertuta eta aurrelanketari behar bezalako garrantzia emanda.

Zer da indarkeria matxista?

Mugimendu Feministaren ustez, "genero sisteman erroturik dauden pertsonen arteko desberdinkeria soziala eta gizon eta emakumeen arteko botere harremanak birsortzeko nahiz emakumeak azpiratzeko jendarte antolaketa patriarkalak duen tresna nagusia" da indarkeria matxista; eta "tradizionalki ezarritako genero binomio edo eskemetatik at kokatzen diren gorputz eta identitateengan ematen den indarkeria oro jasotzen du, hala nola, homofobia, lesbofobia eta transfobia.

"Heteropatriarkatua, kapitalismoa eta kolonialismoa gurutzatzen diren sisteman kokatu behar dugu indarkeria matxista", azpimarratu dute. "Zapalkuntza sistemak gure gorputzak zeharkatzen dituzte hainbat une eta eratan: klasea, arraza, jatorria, adina, nazioa, hizkuntza, orientazio sexuala, genero identitatea, itxura fisikoa, funtzionaltasuna, eta beste aldagaien arabera forma bat edo beste hartuz".

Pedagogia, prebentzioa eta erantzuna

Eraso matxisten aurkako protokoloa hiru arlotan garatuko da:

  • Pedagogikoa: indarkerien gaineko hausnarketa, formazio eta lanketa kolektiboa egitea.
  • Prebentziozkoa: prebentzio erreminta gisa funtzionatu dezake bere horretan disuasio funtzioaren bidez.
  • Erantzunezkoa: erantzun kolektiboa artikulatzeko baliabide eta erremintak sortzen dituelako.

Nola gorpuzten da indarkeria?

Protokoloak indarkeriaren hainbat adierazpen aintzat hartzen ditu:

  • Eraso LGTBI+fobikoak
  • Zisheterosexismoaren erreprodukzioa
  • Diskriminazioa
  • Iraina
  • Gorroto diskurtsoa
  • Eraso sexistak

Zer da autodefentsa feminista?

Hiru kontzepturen esanahia azalduz, autodefentsa feminista aldarrikatu du Mugimendu Feministak:

  • Auto: gu geu gai garelako, modu indibidual zein kolektiboan, indarkeriari aurre egiteko.
  • Defentsa: erasoei aurre egiteko zilegitasun osoa dugulako.
  • Feminista: errotik eta bazterretatik erantzungo diegulako indarkeria transistemikoei.

Prebentziorako ekintzak

Gasteizko Mugimendu Feministak prebentziorako zenbait neurri hartuko ditu, bereziki txosnagunean, baina ardura jendarte osoari zabalduz:

  • Prebentzio kuña: orduro jarriko da, bai eta kontzertu bakoitzaren hasieran eta amaieran ere.
  • Txosna, karpa eta taberna guztietan: eraso matxisten kontrako aldarrikapenak egongo direla bermatu, baita mugimendu feministaren telefono zenbakia duen kartela eta kuñak ere.
  • Eragileekin harremana: protokoloa jai batzordea eratzen duten eragile guztiekin, berau aurrera eramateko prest egongo diren eragileekin eta tabernekin konpartitzea. Elkarlan horren bitartez erabakiko da nola egin protokoloaren transmisioa eta martxan jartzea.
  • Ez da soilik mugimendu feministaren ardura: indarkeria matxistari aurre egiteko, jaien antolakuntzan dabiltzan militante ororen ardura eta konpromisoa beharrezkoa da: kartelak zabaldu, propaganda egin, telefonoaren ardura hartu, elkarlana sustatu...

Zein da zis-gizonen papera?

Indarkeria matxistaren erantzule diren heinean, gizonezkoentzako hainbat irizpide ezarri ditu Mugimendu Feministak:

  • Prebentzioaren esparruan: erasoak egiten dituztenak ez dira isolatuta bizi, eta, askotan, jarrera erasokorrak eta eraso zuzenak gertuko inguruan identifikatu daitezke, bai eta lan kolektiboan geldiarazi ere, beharrezkoa bada laguna jai-girotik urrunduz. Lan horretan, gizonek paper berezia daukate.
  • Erasoa ematen bada: erasoa jasan duenak eta inguruak kanporatzea erabakitzen badute, haien lidergoa eta erabakia errespetatu, bigarren plano batean mantenduz eta kanporatzea erraztuz, oldartu eta oztopatu gabe.

Telefonoa eta salaketa publikoa

747 414 834

Horixe izango da eraso matxisten aurrean erabili beharreko telefono zenbakia. WhatsApp zein Telegram aplikazioen bidez ere komunikatzeko aukera egongo da, ohiko deiez gain. Gasteizko Mugimendu Feministak egun guztietan 24 orduz izango du aktibo, jaietan eman daitezkeen erasoen inguruko informazioa jaso, erantzuna eman eta erasotuak izan diren pertsonei akonpainamendua egiteko.

Horrez gain, eraso bat ematen denean, elkarretaratze bat deituko da erasoa gertatu eta hurrengo egunean, publikoki salatzeko. Mobilizazioa ez da eraso guztien aurrean deituko, baina Mugimendu Feministak kasu bakoitza aztertu eta eman beharreko erantzuna erabakiko du.

ZER EGIN ERASO MATXISTA BATEN AURREAN?

Eraso matxisten aurrean jarduteko zenbait irizpide eta gomendio zabaldu ditu Gasteizko Mugimendu Feministak, eta bereziki txosnagunean ezarriko dira:

  • Nola erantzun eraso matxista bati?
    • Erasoa jasan duena babestea da gure lehentasuna

    • Egoeraren balorazioa egin, testuinguruari lotutako zenbait faktore kontuan hartuz: inpaktua, maiztasuna, intentsitatea, kokapen soziala, ikusgarritasuna (intimitatean edo espazio publiko batean), arrisku maila, ondorioak, albo kalteak, botere posizioak...
    • Protokoloaren aktibazioa eta momentuko erantzuna. Erasotzailea jaigunetik kanporatzea, kuña jartzea (zerbitzatzeari utziko zaio 15 minutuz), bestelako ekintza zehatzak eta, beharrezkotzat jotzen bada, txosnen itxiera.

    • Ondoren, kasuaren jarraipena eta salaketa publikoa
  • Zer egin dezaket eraso matxista bat jasaten ari banaiz?
    • Saiatu zure inguruan daudenen arreta erakartzen: oihu egin, laguntza eskatu, norbaiti kontatu (pertsona ezaguna izan ala ez)

    • Edozein jarrera edo egoerarekin deseroso sentitzen bazara, adierazi zure deserosotasuna (nahiz eta erasotzailea ezaguna izan)

    • Gogoratu: autodefentsa gure eskubidea da, hortaz, eraso batetik babesteko erabiltzen duzun edozein metodo edo jarrera zilegia da

  • Zer egin dezaket eraso matxista bat jasan badut?
    • Deitu norbaiti ospitalera laguntzeko

    • Deitu Mugimendu Feministaren eraso matxisten aurkako arretarako telefonora (747 414 834); babesa eta laguntza emango dizugu

    • Deitu Larrialdietarako telefonora: 112

    • Gogoratu: oraindik salaketarik jarri nahi ez baduzu ere, gorputza garbitzen baduzu, aurrerago lagunduko dizuten frogak galduko dira. Ezer baino lehen ospitalera joatea gomendatzen dizugu.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago