Gasteizko Falerina lorategiak musika programazio propioa izango du aurtengo Andre Maria Zuriaren jaietan ere. 19:00etan kontzertuak eta 20:00etatik aurrera DJ saioak izango ditu abuztuaren 5etik 9ra bitartean.
Egitaraua abuztuaren 5ean irekiko du Umamik, Gazte Cover 2022ko irabazleak. Jarraian, Hydrex Music DJ iritsiko da. Hain zuzen ere, hiriko 16 eta 30 urte arteko gazteei zuzenduta Gasteizko Udalak abenduan Instagramen egindako inkestan boto gehien eskuratu zuen bigarren artista da hori.
Abuztuaren 6an, Cristian Brownen eta DJ Sondaren txanda iritsiko da. Artista horiek ere zaindariaren hurrengo jaietan Gasteizen izateko gazteek aukeratu zituztenak dira.
Abuztuaren 7an, aldiz, Los Misterios taldea iritsiko da Gasteizera, eta ondoren reggae kolektibo bat igoko da oholtzara: Zuretzako Mezua: Antigona, Selektavelino & Belli Lebed.
Abuztuaren 8an, Giante eta Mindre Folklore izango dira eta, amaitzeko, abuztuaren 9an, Annekdotas eta DJ Kea igoko dira oholtzara. Azken DJ hori da udalak egindako inkestan boto gehien eskuratu zuena.