Gero eta gertuago daude Gasteizko jaiak, hiru hilabete baino gutxiago falta baitira. Eta jaiekin batera, EHUren Gasteizko Campusera itzuliko dira txosnak. Aurten, jaien egutegi ofizialari egun bat irabazita, abuztuaren 3tik 9ra, ostegunetik asteazkenera bitartean, zazpi festa egun, zortzi txosna, hiru karpa, lau agertoki eta dozenaka kontzertu, ikuskizun eta emanaldi izango dira Gasteizko Txosnagunean.
Maiatzean zehar, Gasteizko Txosnetako hiru oholtza nagusietan —agertoki nagusia, Entxosnatu Karpa eta Gazte Karpa— arituko diren musika talde eta DJak plazaratzen ari dira, eta, ALEAk jakin duenez, baieztapenak tantaka iritsiko dira ekainaren hasierara bitartean. Askotariko proposamenak izango dira, gustu eta estilo anitzekoak, baita sorpresaren bat edo beste ere.
Oraingoz ezagutu daitezkeen nobedade nagusietako bat Entxosnatu, etorri gugana! lelo berria da. Lehen begi-kolpean agian ez du gehiegi esaten, baina txosna batzordeko kideek ALEAri azaldu diotenez, "aurrerago hartuko du zentzua". Beraz, adi-adi ibili beharko gara datozen asteetan.
TALDEAK eta DJak
Orain arteko baieztapenak
LOS CHIKOS DEL MAIZ
Los Chikos Del Maiz Valentziako rap talde politiko eta soziala da, El Negak (Ricardo Romero) eta Tony El Suciok (Toni Mejias) osatua. 2004an sortu zen, eta Espainiako Estatuko rap politikoaren erreferente nagusietako bat da. Une honetan Yes Future disko berria aurkezten ari dira, areto gehienetan sarrera guztiak agortuta.
DJ PEZON
Aurten ere Entxosnatu Karpa dantzan jartzera dator musika jartzaileen bikotea.
TROPA DO CARALLO
Lehen aldiz txosnaguneko oholtza nagusian, Aguraindik iritsiko da Tropa Do Carallo, Evaristo Paramos erraldoiaren punk talde berria.
KOLPEKA
Mundu osoan ospetsu den Gernika hiritik dator Kolpeka, kontzertu bakoitzean beren hardcore soinuekin ipurdia ostikatzera eta punka oraindik ez dela hil gogoraraztera ateratzen diren lau gaztez osatutako talde berria.
BITSA JAIA
Klasikoetan klasikoena ezin da falta. Urtero Entxosnatu karpan dagoen bitsa jaia.
BULEGO
Azkoitian (Gipuzkoa) 2019. urtean sortutako pop estiloko musika taldea. Lehen aldiz Gasteizko txosnagunean, agertoki nagusian.
GORA ETORRI
Hemendik At bizi ezaren nostalgiak bultzaturik sortutako taldea. Agrodancea Euskal Herrian zehar zabaltzeko prest.
BALZA (DJ)
20 urte baino gehiago dira anaiarekin batera lehen ekipoa erosi zutenetik. Euskal Herriko klub, sala eta taberna askotatik igaro da. 2015ean, beste bi lagunekin, Haus Of Beats irratsaioa sortu zuten. Nahiz eta bere burua House DJ bezela definitzen duen, ambient/downtempoan hasi eta technoraino zabaltzen dira berak pintxatzen dituen doinuak.