Arabaren berri euskaraz eman nahi du ALEAk, bi ideia oinarri:
Euskara: euskaldunek euskaraz bizitzeko duten eskubidea babestu nahi du ALEAk. Bide horretan, konbentzituta dago ez dela posible euskaraz bizitzea euskarazko komunikabiderik gabe, kontuan hartuta, gainera, komunikazioak bizitzan hartzen duen esparru handia.
Kalitatezko kazetaritza: gizarte gero eta demokratikoagoa eraikitzeko, funtsezkoa da gizarte informatu bat, eta, horretarako, ezinbestekoa da kazetaritza. Komunikabide bezala, bere funtzio sozialarekin konprometituta dago ALEA, eta honako irizpideak jarraituta bete nahi du: gertutasuna, pluraltasuna eta kalitatea.
Arabako euskaltzaleen bultzadaz sortu zen ALEA. Zehazki, Gasteizko GEU elkarteak sortu zuen 2015ean, BERRIA egunkaria eta Goiena komunikazio taldeen eskutik. Gaur egun, hiru eragile horiek osatzen dute komunikabidearen administrazio-kontseilua.
Administrazio-kontseiluaz gain, ALEA Batzordea izeneko lantalde irekia dago. Bertan, komunikazioan eta euskalgintzan ari diren nahi beste pertsonek parte har dezakete, proiektua egunez egun hobetzen jarraitzeko.
Lantalde profesionalak: Zuzendariak, kazetariek eta komertzialak osatuta.
Kolaboratzaile-sareak: hogeita bost kolaboratzaile baino gehiago ari dira ALEAn parte hartzen, borondatez: batzuk, iritzi-artikuluak idazten; beste batzuk, gai ezberdinei buruzko kolaborazioak egiten (nutrizioa, teknologia, zinema, antzerkia, musika...); eta, bestetzuek, ALEA FM irratsaioa egiten. Horrez gain, ALEAri beste modu askotan bere denbora eta dirua eskaintzen dioten herritar asko daude. Horiek guztiak dira proiektuaren sostengu nagusia. Zuk ere kolaboratzaile-sarearen parte izan nahi baduzu, idatzi honako helbidera: erredakzioa@alea.eus
ALEA proiektuak gaur egun hiru finantziazio iturri ditu. ALEA aldizkariko harpidedunak dira proiektuaren oinarria eta beraiek gabe ezinezkoa litzateke aurrera egitea. Urteko harpidetza horie esker ALEAk bere jarduna aurrera eramateko beharrezko finantziazioaren herena inguru jasotzen du. Beste heren bat, publizitate eta bestelako zerbitzuak eskaintzetik jasotako ekarpena da eta gainontzekoa diru-laguntza publiko bidez jasotakoa. Eusko Jaurlaritzatik, Arabako Foru Aldunditik eta Gasteizko Udaletik jasotzen dira proiektua aurrera eramateko laguntzak.