Hiru hilabete pasatxo baino ez dira falta Gasteizko Andre Maria Zuriaren omenezko jaiak hasteko, eta, pixkanaka, abuztuaren 4tik 9ra bitarteko egitarau ofizialaren berri ematen ari da Udala. Apirilaren hasieran ETS, Huntza, LDS, Victor Manuel eta Camela Foru plazan arituko direla iragarri ostean, aste honetan iritsi da baieztapenen bigarren atala.
Urtero bezala, GEU Txosna jarriko dute Aihotz plazan, eta euskararen, euskal kulturaren eta, nola ez, euskal musikaren arnasgune izango da espazioa. Momentuz, aurrerago egitarauaren xehetasun gehiago emango dituzten arren, jaietan zehar plaza horretan arituko diren taldeak (horietako hiru Instagram bidezko inkesta batean hautatutakoak) iragarri dituzte. Emanaldi guztiak 24:00etan izango dira:
- Abuztuak 5, larunbata: Kai Nakai
- Abuztuak 6, igandea: Dupla
- Abuztuak 7, astelehena: Willis Drummond
- Abuztuak 8, asteartea: Rotten XIII
Kai Nakai
Abuztuaren 5ean, larunbatean, Kai Nakaik emango dio hasiera Aihotz plazako egitarauari. Artista urbano gasteiztarrak bere lehen bi lanetako (Baimenik gabe eta Maitia) abestiak eskaintzeaz gain, 2023aren amaieran kaleratzekoa den disko berriko abesti batzuk aurreratuko ditu.
Dupla
Abuztuaren 6ko gaua Dupla taldearena izango da. Nahieran bere lehen albumak jasotako kritika onek eta zuzenekoetan erakutsitako sinesgarritasunak lagunduta, euskal panorama artistikoko talde aipagarrienetako bat bihurtu da. Beren letra satirikoak eta tradizioa abangoardia soinudun eta bisual berriekin uztartzen duten erritmoak eskainiko ditu bikote aguraindarrak.
Willis Drummond
Hirugarren txandan, abuztuaren 7an, Willis Drummond iritsiko da Gasteizera. Baionako taldeak Aihotz plazara gerturatzen direnei gozaraziko die bere estilo berezi eta parekorik gabearekin. Zuzeneko lanak, ahots urratua eta dardaratsua, oinarri erritmikoa, gitarra zorrotzak, euskarazko letra zorrotzak eta post-rock soinuak dira bere ezaugarri nagusiak.
Rotten XIII
Aihotz plazako agertokia agurtzeko (abuztuaren 9an ez baitago kontzerturik), Rotten XIII talde nafarra eta haren melodia gogoraerrazak iritsiko dira. Oi Baldorba lehen lanean punk eta rock'n'rolla defendatu ostean, bigarrenean, Aurrera diskoan, folka, punk rocka eta viking rockaren bideak jorratu dituzte, abesteko ereserki berriz eta jarreraz betetako abestiekin.