Tropa Do Carallo eta Kolpeka ere Gasteizko Txosnetan izango dira

Erredakzioa 2023ko mai. 12a, 12:30

Goian, Tropa Do Carallo; behean, Kolpeka. / ALEA

Abuztuaren 3tik 9ra bitartean, Gasteizko jaietan, txosnaguneko hiru agertoki nagusietan arituko diren taldeak eta DJak iragartzen hasi dira Gasteizko Txosnak. Tropa Do Carallo eta Kolpeka ere oholtza gainean izango dira, baita klasikoetan klasikoena ere: bitsa jaia.

Gero eta gertuago daude Gasteizko jaiak, hiru hilabete baino gutxiago falta baitira. Eta jaiekin batera, EHUren Gasteizko Campusera itzuliko dira txosnak. Aurten, jaien egutegi ofizialari egun bat irabazita, abuztuaren 3tik 9ra, ostegunetik asteazkenera bitartean, zazpi festa egun, zortzi txosna, hiru karpa, lau agertoki eta dozenaka kontzertu, ikuskizun eta emanaldi izango dira Gasteizko Txosnagunean.

Ostegun honetan, maiatzaren 11n, Gasteizko Txosnetako hiru oholtza nagusietan —agertoki nagusia, Entxosnatu Karpa eta Gazte Karpa— arituko diren musika talde eta DJak plazaratzen hasi dira, eta, ALEAk jakin duenez, baieztapenak tantaka iritsiko dira ekainaren hasierara arte. Askotariko proposamenak izango dira, gustu eta estilo anitzekoak, baita sorpresaren bat edo beste ere.

Oraingoz ezagutu daitezkeen nobedade nagusietako bat Entxosnatu, etorri gugana! lelo berria da. Lehen begi-kolpean agian ez du gehiegi esaten, baina txosna batzordeko kideek ALEAri azaldu diotenez, "aurrerago hartuko du zentzua". Beraz, adi-adi ibili beharko gara datozen asteetan.

 

TALDEAK

TROPA DO CARALLO

Lehen aldiz txosnaguneko oholtza nagusian, Aguraindik iritsiko da Tropa Do Carallo, Evaristo Paramos erraldoiaren punk talde berria.

 

KOLPEKA

Mundu osoan ospetsu den Gernika hiritik dator Kolpeka, kontzertu bakoitzean beren hardcore soinuekin ipurdia ostikatzera eta punka oraindik ez dela hil gogoraraztera ateratzen diren lau gaztez osatutako talde berria.

 

BULEGO

Azkoitian (Gipuzkoa) 2019. urtean sortutako pop estiloko musika taldea. Lehen aldiz Gasteizko txosnagunean, agertoki nagusian.

 

GORA ETORRI

Hemendik At bizi ezaren nostalgiak bultzaturik sortutako taldea. Agrodancea Euskal Herrian zehar zabaltzeko prest.

 

BALZA (DJ)

20 urte baino gehiago dira anaiarekin batera lehen ekipoa erosi zutenetik. Euskal Herriko klub, sala eta taberna askotatik igaro da. 2015ean, beste bi lagunekin, Haus Of Beats irratsaioa sortu zuten. Nahiz eta bere burua House DJ bezela definitzen duen, ambient/downtempoan hasi eta technoraino zabaltzen dira berak pintxatzen dituen doinuak.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago