Lehen mailako pilotariak arituko dira Andre Maria Zuriaren Txapelketan

Erredakzioa 2023ko uzt. 6a, 13:00

Andre Maria Zuriaren Txapelketaren aurkezpena, Montehermoson. Argazkia: Gasteizko Udala

Abuztuaren 4tik 8ra bitartean, Peña II-Albisu, Larrazabal-Mariezkurrena II, Ezkurdia-Zabaleta eta Altuna III-Martija bikoteak izango dira aurrez aurre Ogeta pilotalekuan, Gasteizko jaietako txapelketan.

Aurtengo Gasteizko jaietan ez da lehen mailako kirola faltako. Izan ere, abuztuaren 4an, 6an eta 8an, hiru jardunalditan, gizonezkoen pilota profesionala Ogeta pilotalekura itzularaziko du Andre Maria Zuriaren Txapelketak.

Abuztuaren 4an abiatuko da txapelketa, lehen finalerdiarekin eta beste bi partidekin: 21:15ean, Jaka-Morgaetxebarria eta Alberdi II-Imaz izango dira aurrez aurre; ondoren, partida nagusia Peña II-Albisu eta Larrazabal-Mariezkurrena II pilotarien artekoa izango da; eta, azkenik, Agirre-Ugartemendia eta Zubizarreta III-Elizegi partida iritsiko da.

Bigarren finalerdia, berriz, hilaren 6an jokatuko da: 17:00etatik aurrera, Elezkano II-Eskuza eta Dario-Tolosa izango dira aurrez aurre. Ondoren, Ezkurdia-Zabaleta eta Altuna III-Martija bikoteen arteko partida nagusia iritsiko da. Eguna amaitzeko, Egiguren V-Erostarbe bikotea Exposito-Arbizu bikotearen aurka jokatuko du.

Finala bi egun geroago jokatuko da, abuztuaren 8an, 17:15etik aurrera, 4an eta 6an jokatutako bi kanporaketetako irabazleen artean. Egun horretako partida osagarriak Elezcano II-Eskuza eta Artola-Iztueta bikoteen artekoa eta, amaitzeko, Bakaikoa-Salaverri II eta Salaberria-Erostarbe bikoteen artekoa izango dira.

Andre Maria Zuriaren Txapelketako hiru jardunaldietarako sarrerak laster izango dira salgai Entradas Fronton webgunean.

"Luxuzko hasiera"

Txapelketa aurkezteko prentsaurrekoa ostegun goizean egin dute Montehermoso Kulturunean, eta bertan izan dira, besteak beste, Gasteizko Kirol eta Osasuneko zinegotzi Ana Lopez de Uralde, Caixabankeko negozio arloko zuzendari Iñaki Ibeas, Baiko Pilotako arduradun komertzial Unai Iglesias, eta Aspe Pelotako arduradun komertzial Inaxio Errandonea.

Lopez de Uraldek azpimarratu du aurtengo txapelketak "luxuzko hasiera" izango duela, baita 2023ko Andre Maria Zuriaren Txapelketaren aurtengo edizioko kartelaren "kalitatea" ere. "Eskarmentu handia duten pilotariez eta kirol honetan etorkizun oparoa duten jokalariez gozatzeko aukera izango dugu", gaineratu du.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago