Euskal presoen etxeratzea aldarrikatuko dute Gasteizko jaietan

Erredakzioa 2023ko uzt. 5a, 18:50

Sare eta Etxeraten agerraldia, Arka plazan. Argazkia: SARE

Abuztuaren 5erako Etxera Eguna eta mobilizazioa deitu dituzte Sare Herritarrak eta Etxerat Elkarteak euskal preso, iheslari eta deportatuen etxeratze prozesuaren alde. Etxera lelopean, herri bazkaria, elkarretaratzea eta kalejira izango dira.

Asteazken honetan, Gasteizko Ibiltaria (El Caminante) estatuaren parean, agerraldia egin dute Sare Herritarrak eta Etxerat Elkarteak, Gasteizko jaietan euskal preso, iheslari eta deportatuen eskubideen alde agertuko diren beste hainbat eragilerekin batera: presoen aldeko ostalaritza ekimena, Gasteizko Txosnak, Blusa eta Nesken Batzordea eta senideak, besteak beste.

Jai guztietan zehar, abuztuaren 3tik 9ra, Etxera Karpa izango da txosnagunean. Abuztuaren 5ean, larunbatean, Gasteizko jaietako Etxera Egunaren barruan, egun osoko jarduerak izango dira presoen, iheslarien eta deportatuen eskubideen alde: 15:00etan, herri bazkaria Landatxo kiroldegian; 20:00etan, elkarretaratzea Andre Maria Zuriaren plazan; eta 20:30ean, kalejira txosnetaraino. 21:00etan ekitaldia egingo dute txosnagunean, eta, ondoren, egun horretako kontzertuak eta pintxadak hasiko dira: Erasoz Erantzun, Ezta Ilen, Akerbeltza erromeria, Bitsa Jaia eta Beñat & Isdeo Jimmy Dazz Session.

"Manifestazioan parte hartzeko deialdia luzatu nahi diogu Arabako jendarte osoari. Guztion artean lortuko dugu!", eskatu dute mobilizazioaren antolatzaileek.

"Etxean nahi ditugu"

"34 urte baino gehiago eman ditugu urruntze politikaren amaiera eskatzen, ankerra eta gizagabea zelako", adierazi dute agerraldian. "Baina urruntze politika hori gainditzeak ez du berekin ekarri euskal presoen eskubideen urraketaren amaiera, etxerako bidea oztopatzen duten salbuespen neurriak eta eskubide urraketak arau direlako oraindik".

Sare eta Etxeraten ustez, "etengabeak" dira Fiskaltzaren eta Espainiako Auzitegi Nazionalaren "erasoak, mendekuan oinarritutako jarrerak, konponbidea zapuztu eta herri hau iraganean iltzatu nahi dutenak". Besteak beste, azken hilabeteetan eman diren gradu erregresioak aipatu dituzte; tartean, ekainaren 27an Zaballako espetxera itzuli behar izan zen Jose Maria Novoa preso arabarraren kasua.

"Askotan esan dugu ez dugula inongo pribilegiorik eskatzen: salbuespena indargabetu eta lege arrunta aplikatuz, euskal preso guztiak etxera bidean jartzeko unea da", aldarrikatu dute. "Etxean nahi ditugu. Etxera. Bai, etxera. Horregatik da hain garrantzitsua Etxera aldarrikapena kalean ikusaraztea eta ozen aldarrikatzea, elkarbizitzan aurrerapausoak emateko, konponbidean jarri behar dugula preso, iheslari eta deportatuen auzia".

KARTELA

 

EGITARAUA

Abuztuaren 3tik 9ra, Gasteizko jaiak

Erlazionatuak

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago