Negra Cucaracha ere Gasteizko Txosnetan izango da

Erredakzioa 2023ko mai. 16a, 12:30

Negra Cucaracha terrorfolk talde arabarra, banda lehiaketaren irabazlea. / ALEA

Abuztuaren 3tik 9ra bitartean, Gasteizko jaietan, txosnaguneko hiru agertoki nagusietan arituko diren taldeak eta DJak iragartzen ari dira Gasteizko Txosnak. Negra Cucaracha taldea ere oholtza gainean izango da, baita Komadü, Rosa Mari eta LaMia Mari DJak ere.

Gero eta gertuago daude Gasteizko jaiak, hiru hilabete baino gutxiago falta baitira. Eta jaiekin batera, EHUren Gasteizko Campusera itzuliko dira txosnak. Aurten, jaien egutegi ofizialari egun bat irabazita, abuztuaren 3tik 9ra, ostegunetik asteazkenera bitartean, zazpi festa egun, zortzi txosna, hiru karpa, lau agertoki eta dozenaka kontzertu, ikuskizun eta emanaldi izango dira Gasteizko Txosnagunean.

Maiatzean zehar, Gasteizko Txosnetako hiru oholtza nagusietan —agertoki nagusia, Entxosnatu Karpa eta Gazte Karpa— arituko diren musika talde eta DJak plazaratzen ari dira, eta, ALEAk jakin duenez, baieztapenak tantaka iritsiko dira ekainaren hasierara bitartean. Askotariko proposamenak izango dira, gustu eta estilo anitzekoak, baita sorpresaren bat edo beste ere.

Oraingoz ezagutu daitezkeen nobedade nagusietako bat Entxosnatu, etorri gugana! lelo berria da. Lehen begi-kolpean agian ez du gehiegi esaten, baina txosna batzordeko kideek ALEAri azaldu diotenez, "aurrerago hartuko du zentzua". Beraz, adi-adi ibili beharko gara datozen asteetan.

 

TALDEAK eta DJak

Orain arteko baieztapenak

NEGRA CUCARACHA

Folk amerikarra eta horrorpunk zikin eta bizkorra uztartuz atmosfera apokaliptikoa garatzen duen Arabako terrorfolk laukotea. Gasteizko Txosnen banda lehiaketaren aurtengo irabazleak dira.

KOMADÜ (DJ)

Dub Stepa DJa Gazte Karpako gaua berotzen izango da.

 
ROSA MARI (DJ)

Lehen aldiz Entxosnatu Karpan izango dira gerriak astintzeko. Mamarratxeo eta tekno pornoa herriarentzat. Goxo eta gaizto.

 

LAMIA MARI

Gazte Karpan dantzan jarriko du DJ donostiarrak.

LOS CHIKOS DEL MAIZ

Los Chikos Del Maiz Valentziako rap talde politiko eta soziala da, El Negak (Ricardo Romero) eta Tony El Suciok (Toni Mejias) osatua. 2004an sortu zen, eta Espainiako Estatuko rap politikoaren erreferente nagusietako bat da. Une honetan Yes Future disko berria aurkezten ari dira, areto gehienetan sarrera guztiak agortuta.

 

DJ PEZON (DJ)

Aurten ere Entxosnatu Karpa dantzan jartzera dator musika jartzaileen bikotea.


 

TROPA DO CARALLO

Lehen aldiz txosnaguneko oholtza nagusian, Aguraindik iritsiko da Tropa Do Carallo, Evaristo Paramos erraldoiaren punk talde berria.

 

KOLPEKA

Mundu osoan ospetsu den Gernika hiritik dator Kolpeka, kontzertu bakoitzean beren hardcore soinuekin ipurdia ostikatzera eta punka oraindik ez dela hil gogoraraztera ateratzen diren lau gaztez osatutako talde berria.

 

BITSA JAIA

Klasikoetan klasikoena ezin da falta. Urtero Entxosnatu karpan dagoen bitsa jaia.


 

BULEGO

Azkoitian (Gipuzkoa) 2019. urtean sortutako pop estiloko musika taldea. Lehen aldiz Gasteizko txosnagunean, agertoki nagusian.

 

GORA ETORRI

Hemendik At bizi ezaren nostalgiak bultzaturik sortutako taldea. Agrodancea Euskal Herrian zehar zabaltzeko prest.

 

BALZA (DJ)

20 urte baino gehiago dira anaiarekin batera lehen ekipoa erosi zutenetik. Euskal Herriko klub, sala eta taberna askotatik igaro da. 2015ean, beste bi lagunekin, Haus Of Beats irratsaioa sortu zuten. Nahiz eta bere burua House DJ bezela definitzen duen, ambient/downtempoan hasi eta technoraino zabaltzen dira berak pintxatzen dituen doinuak.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago