Gasteizko Antzokien Udal Sareak gaur goizean aurkeztu du uda honetarako agenda. "Entretenimenduan oinarritutako programazioa diseinatu dugu, musika ona lagun izanda, ikusleei irribarrea ateraraziko diena", iragarri du Kultura zinegotzi Estibaliz Cantok.
Principal Antzokiak hamabi ikuskizun jasoko ditu uztailaren 3tik abuztuan 9ra bitartean, eta entzute handiko honako antzezle eta lan hauek izango dira bertan, besteak beste: Lola Herrera, Gonzalo de Castro, Jon Plazaola eta Gorka Aginagalderen komedia berriak, Cruz de navajas, el último Mecano musikala eta Luz Casalen kontzertua. 24 saio izango dira guztira, eta komediak eta musika izango dira nagusi.
Denboraldia Gasteizko Nazioarteko Jazzaldiaren 46. edizioak irekiko du, Jazza antzokian zikloarekin. Uztailaren 3tik 8ra bitartean, sei kontzertu eskainiko dituzte: Adrian Royo Trio (uztailak 3, astelehena), Chelsea Carmichael Quartet (hilak 4, asteartea), Marco Mezquida eta Moises Sanchez (uztailak 5, asteazkena), Samora Pinderhughes Quintet (hilak 6, osteguna), Liberica (hilak 7, ostirala) eta Yamandu Costa (hilak 8, larunbata). Uztailaren 3 eta 4ko emanaldiak 20:30ean izango dira, eta gainerakoak, aldiz, 17:30ean. Sarrerak eta abonuak dagoeneko salgai daude ohiko tokietan.
Principal Antzokiko agendak uztailaren 18an aurrera egingo du EGOren (Euskal Herriko Gazte Orkestra) kontzertuarekin. Egitarau bikoitza eskainiko du Orkestrak: Ravelen Ma Mère l'Oye eta Dvořáken Zortzigarren sinfonia. Ruben Jimeno izango da zuzendaria.
Gainera, uztailaren 22an, duela aste batzuk iragarri zuten Luz Casalen kontzertua izango da. Sarrerak dagoeneko salgai daude. Artista galiziarrak bere azken lana, Las ventanas de mi alma, aurkeztuko du, eta bere arrakasta nagusietako batzuk ere eskaintzeko aukera izango du.
Horrez guztiaz gain, uztailaren 26tik 30era bitartean Gasteizen izango da Cruz de Navajas, el último Mecano musikala. Agertokian 25 artista baino gehiago, LED pantaila handiak eta Espainiako pop musikako bandaren arrakasta nagusiak gogora ekartzeko bi orduko emanaldia bilduko ditu ikuskizunak.
Andre Maria Zuriaren jaietan, aldiz, komediak izango du protagonismo osoa. Abuztuaren 4 eta 5ean, Principal Antzokiak Un Oscar para Óscar antzerkia jasoko du, Gorka Aginagalde, Jon Plazaola, Rebeca Sala eta Mara Guilekin.
Jarraian, Gonzalo de Castro, Pedro Mari Sanchez, Carmen Barrantes eta Jose Bustosek antzezten duten Plátanos, cacahuetes y lo que el viento se llevó lana iritsiko da hilaren 6 eta 7an.
Kartela Lola Herrerak eta Adictos bere azken lanak itxiko dute, 8an eta 9an; Lola Baldrichekin eta Ana Labordetarekin batera izango da agertokian.
Irailaren 27an, berriz, Felix Petite Antzokiak Analëmma, laboratorio de escritura coreográfica ikuskizuna jasoko du. Atalak dantza arloko bitartekaritzako eta ikusgarri egiteko programak eskainitako ekitaldi berezia izango da.
Sarreren salmenta
Uda-denboraldirako sarreren salmenta ekainaren 21ean 10:00etan hasiko da ohiko bideetan (aurrez aurre leihatilan, telefonoz eta online). Cruz de Navajas, el último Mecano musikalerako sarrerak ekainaren 14ko 17:30ean jarriko dira salgai ohiko bideetan. Jaietarako salmenta berezia abuztuaren 4tik 7ra bitartean egingo da, 11:30etik 13:30era, eta emanaldi bakoitza baino bi ordu lehenago.
Antzerki Jaialdia
Bestalde, gaur eskaini dute urriaren 5etik abenduaren 3ra bitartean egingo den Gasteizeko Antzerkiko Nazioarteko Jaialdiaren 48. edizioari buruzko aurrerapena.
Urriaren 7 eta 8an, zuzendaritza onenaren Max saria jaso zuen Supernormales lana aurkeztuko du Iñaki Rikarte gasteiztarrak, Principal Antzokian. Zentro Dramatiko Nazionalak Esther Carrodeguasen testu batean oinarrituta prestatutako ekoizpen lana da, eta desgaitasuna duten pertsonek duten sexu desioa du hizpide.
Gainera, gaur beste hitzordu bat ere iragarri dute. AEBetako Martha Graham Dance Company konpainia Gasteizen izango da egitarau hirukoitz batekin. Graham dantzaren historiako erreferentzia sendoenetako bat da, eta hizkera koreografiko eta artistiko berezia du.
Jaialdiaren gainerako programazioaren berri aurrerago emango dute.
EGITARAUA | Udako denboraldia