Foru plaza

ETS, Huntza, LDS, Victor Manuel eta Camelaren kontzertuak Gasteizko jaietan

Erredakzioa 2023ko api. 3a, 18:30

ETS, Huntza, Victor Manuel, Lagrimas de Sangre eta Camela. / ALEA

Gasteizko jaietan abuztuaren 4tik 8ra Foru Plazan arituko diren bost taldeetako hiru hiriko gazteek hautatu dituzte, inkesta baten bidez: En Tol Sarmiento, Huntza eta Lágrimas de Sangre. Horiez gain, Victor Manuel eta Camela ere festara batu dira.

Atzera kontaketa hasi da. Lau hilabete falta dira Gasteizko Andre Maria Zuriaren jaietarako. Abuztuaren 4tik 9ra ospatuko dira, eta Gasteizko Udalak adin guztiei zuzendutako egitarau zabala antolatzeari ekin dio jada. Oraingoz, Foru plazan hilaren 4tik 8ra arituko diren taldeak baieztatu dituzte:

  • Abuztuak 4, ostirala: ETS (En Tol Sarmiento)
  • Abuztuak 5, larunbata: Camela
  • Abuztuak 6, igandea: Victor Manuel
  • Abuztuak 7, astelehena: Lágrimas de Sangre
  • Abuztuak 8, asteartea: Huntza

"Askotariko ekitaldien egitaraua diseinatu dugu jaietako agertokirik jendetsuenerako, adin guztientzako proposamen erakargarriekin", azaldu du Maider Etxebarria alkateordeak. "Balio handia ematen diogu gure hiriko gazteen iritziari; hori dela eta, Foru Plazan joko duten bost taldeetatik hiru eurek bozkatu zituzten, joan den abenduan, Instagramen egin genuen inkesta batean".

ETS (En Tol Sarmiento)

Aurtengo egitarauari E.T.S (En Tol Sarmiento) talde arabarrak emango dio hasiera, abuztuaren 4an. Ekorako (Arabako Errioxa) taldeak Guretzat bere seigarren eta azken diskoa aurkeztuko du Foru plazan. Popa besarkatzeaz gain, beste estilo batzuk ere biltzen ditu, hala nola, soinu latindarrak, reggaetoia, musika elektronikoa eta flamenkoa. Instagrameko inkestan boto gehien jaso zituen taldea da ETS.

 

Camela

Jaien bigarren egunean, abuztuaren 5ean, Camelaren txanda izango da, Espainiako Estatuko tekno-runba estiloko talderik garrantzitsuenarena. Madrilgo taldeak Que la música te acompañe diskoko abestiak eta betiko klasikoak nahastuko ditu; azken lan honetan, Star Wars filmari omenaldia egin diote madrildarrek.

 

Victor Manuel

Hirugarren gauean, abuztuaren 6an, Victor Manuel abeslari eta musikari asturiarra iritsiko da Gasteizera, banda formatuarekin eta 75. urteurrena. Bizitza abestietan. Agertokiak dena sendatzen du biraren barruak. Kontzertu berezia izango da, eta abestiz, bizipenez eta anekdotaz betetako ibilbidea laburtuko du, arreta handiz aukeratutako errepertorioaren bidez.

 

Lágrimas de Sangre (LDS)

Gasteizko jaietako laugarren eguneko nekeari aurre egiteko, abuztuaren 7an, Lágrimas de Sangre (LDS) talde katalanak astinduko du Foru Plazako agertokia. Funtsean rap oldarkorreko taldea da, baina beste estilo batzuk ere ukitzen ditu, hala nola rocka edo reggaea. Energia ona eta jai giroa dira beren zuzeneko emanaldien bereizgarriak. Instagrameko inkestan boto gehien jaso zituen estatu mailako rap taldea izan zen.

 

Huntza

Abuztuaren 8an, Huntzak itxiko du Foru Plazako egitaraua, jaietako azken egunean ez baitago emanaldirik. Rocka eta folkaren artean mugitzen diren euskarazko abestiekin gozatu ahal izango du Gasteizko publikoak. Beren azken kontzertuetako bat izango da; izan ere, hamar urteko ibilbideari amaiera emango diola iragarri du taldeak duela gutxi. Talde honen kasuan ere, hiriko gazteek bozkatu zuten Udalak egindako inkestan.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago