Gero eta gertuago daude Gasteizko jaiak, hiru hilabete baino gutxiago falta baitira. Eta jaiekin batera, EHUren Gasteizko Campusera itzuliko dira txosnak. Aurten, jaien egutegi ofizialari egun bat irabazita, abuztuaren 3tik 9ra, ostegunetik asteazkenera bitartean, zazpi festa egun, zortzi txosna, hiru karpa, lau agertoki eta dozenaka kontzertu, ikuskizun eta emanaldi izango dira Gasteizko Txosnagunean.
Ostegun honetan, maiatzaren 11n, Gasteizko Txosnetako hiru oholtza nagusietan —agertoki nagusia, Entxosnatu Karpa eta Gazte Karpa— arituko diren musika talde eta DJak plazaratzen hasi dira, eta, ALEAk jakin duenez, baieztapenak tantaka iritsiko dira ekainaren hasierara arte. Askotariko proposamenak izango dira, gustu eta estilo anitzekoak, baita sorpresaren bat edo beste ere.
Oraingoz ezagutu daitezkeen nobedade nagusietako bat Entxosnatu, etorri gugana! lelo berria da. Lehen begi-kolpean agian ez du gehiegi esaten, baina txosna batzordeko kideek ALEAri azaldu diotenez, "aurrerago hartuko du zentzua". Beraz, adi-adi ibili beharko gara datozen asteetan.
TALDEAK
BULEGO
Azkoitian (Gipuzkoa) 2019. urtean sortutako pop estiloko musika taldea. Lehen aldiz Gasteizko txosnagunean, agertoki nagusian.
GORA ETORRI
Hemendik At bizi ezaren nostalgiak bultzaturik sortutako taldea. Agrodancea Euskal Herrian zehar zabaltzeko prest.
BALZA (DJ)
20 urte baino gehiago dira anaiarekin batera lehen ekipoa erosi zutenetik. Euskal Herriko klub, sala eta taberna askotatik igaro da. 2015ean, beste bi lagunekin, Haus Of Beats irratsaioa sortu zuten. Nahiz eta bere burua House DJ bezela definitzen duen, ambient/downtempoan hasi eta technoraino zabaltzen dira berak pintxatzen dituen doinuak.