Abuztuaren 3an, ostegunean, izango da aurten GEU Txosnaren inaugurazioa, eta, urtero bezala, hilaren 9ra bitartean izango da zabalik Gasteizko jaietan: 18:00etatik aurrera, GEU Saria, Tik-Tak Nai ikuskizuna eta Azido Folkloriko eta McOnak taldeen kontzertuak eskainiko dituzte Aihotz plazan. Hala ere, muntaketa lanak lehenago hasiko dira, eta, ajea gainditzeko tarte gehiegirik gabe, abuztuaren 10ean izango da desmuntatzea.
"Hamar urte, hamaika esku". Aurtengo GEU Sariarekin orain dela hamaika urte Aihotz plaza euskaraz bustitzeko proiektua martxan jarri zuten euskaltzaleak omenduko dituzte. Pandemiak eragindako bi urteko etenaldia (2020an eta 2021ean) kontuan hartuz, aurtengoa GEU Txosnaren hamargarren edizioa izango da.
Ondoren, 19:30etan, GEUren Igandeak Jai programaren eta Nai malabaristaren eskutik, Tik-Tak Nai ikuskizunaz gozatu ahal izango da. 20:30ean, Azido Folkloriko taldearekin, dantza plazan bat antolatu dute. Eta, jaialdiari amaiera emanez, 22:00etan, McOnak taldeak kontzertua eskainiko du.
Inaugurazio eguneko eskaintzaz gain, euskararen, euskal kulturaren eta, nola ez, euskal musikaren arnasgune gisa, kultur programazio erakargarria izango da Aihotz plazan Gasteizko jaietan zehar. Aurrerago emango dituzte egitarau osoaren berri, baina, oraingoz dakigunez, abuztuaren 4an eta 9an izan ezik, egunero kontzertuak izango dira 24:00etatik aurrera:
- Abuztuak 5, larunbata: Kai Nakai
- Abuztuak 6, igandea: Dupla
- Abuztuak 7, astelehena: Willis Drummond
- Abuztuak 8, asteartea: Rotten XIII
Hamar urteko ibilbidea
2012an paratu zuen txosna lehen aldiz GEU elkarteak Aihotz plazan. Modu horretan, programa berezi batekin, euskararen presentzia indartzen hasi ziren. Aurten, hamargarren edizioa izango da, eta horregatik, GEU elkarteak urtero banatzen duen saria "hasierako kide ausart eta ameslari" horientzat izango da:
- Ane Pedruzo
- Eñaut Iraeta
- Naroa Cuesta
- Iñaki Lazkano
- Manuel Moreno
- Ximon Iriondo
- Patxi Goia
- Iñaki Perez de San Vicente
- Maialen Pagazaurtundua
- Esti Rodriguez
- Saioa Fernandez de Aranguiz
- Gorka Ortiz de Urbina (Zeledon 2001-2023)
- Itsaso Estarrona
Eta zergatik dago Zeledon hamahiru izen horien artean? Ba, hain zuzen ere, 2012. urte horretan Ortiz de Urbinak Ane Pedruzorekin hitz egin zuelako, Aihotz plazaren txosnaren egoerari buruz. Solasaldi horretan eman zen jaietan euskara indartzeko lehenengo urratsa eta desira. Pedruzok GEU Elkarteko zuzendaritza batzordera eraman zuen gaia, eta, handik gutxira, errealitate bihurtu zen.
200 txanda
2012. urte horretan Blusen eta Nesken Elkartearen bidez hartu zuen GEU elkarteak plazako ardura, eta 2019tik elkartea da zuzenean txosna kudeatzen duena, 200 boluntarioren eskuek gidatuta, "eskuz esku, bederatzi egunez, euskarari txanda emanez".
Babesa eta memoria lelopean, aurten ere txanda deialdia ireki dute, bederatzi egunetarako lau orduko txanda laburrekin, montajerako, barrarako eta desmontajerako. "Berebizikoa da guztion artean GEU Txosna aurrera ateratzea, zaintzan oinarrituriko jai herrikoi batzuen bidez", aldarrikatu dute. Txosna goizetik goizaldera egongo da zabalik, baina txandak edonork egiteko modukoak dira.
Izena emateko galdetegi bat jarri dute martxan lagundu nahi duten norbanako, kuadrilla zein taldeentzako. Edozein zalantza izanez gero, info@geuelkartea.eus helbide elektronikora idazteko aukera dago ere.
Dekorazioa eta laguntzaileak
Horrez gain, "kolektibotasuna eta eragile zein norbanako askoren parte-hartzea fokuan jartzeko", ekintza parte-hartzaileak zabalduko dituzte aurrerago. Momentuz, txanda egiteko aukera ez baina lagundu nahi duten lagunekin jai batzorde bat eratzeko bilera irekia egingo dute uztailaren 11n, asteartean, 18:30ean Falerina Tabernan: besteak beste, dekorazio taldea eta hornikuntzarako zein kanbioetarako laguntzaileak behar dituzte.
INAUGURAZIOA
TXANDAK