Iritzia

Gasteizko Txosna Batzordeak Gasteizko jendarteari

Erabiltzailearen aurpegia Gasteizko Txosna Batzordea 2023ko eka. 28a, 15:40

Gasteizko Txosnen aurkezpena, aurten. ALEA

Dokumentu honen bitartez, hitz propioz Gasteizko Txosnen egoera eta azken bi urteetan Ildo Sozialista izendatutakoaren parte diren bi antolakunde batzordetik kanpo uztea erabaki ondoren bizi izandakoaren berri eman nahi dugu:

Kontsentsuz erabakiak hartzeko aukerarik ez dagoenean, eragile bakoitzaren bozka beharrezkoa izaten da egoera korapilatsuei aurre egin ahal izateko

Txosna Batzordea Gasteizko Herri Mugimenduan dauden hainbat eragilek osatzen dugu. Gureak ibilbide luzea du, 43 urte. Gaur egun osatzen dugun hamabi eragileon artean lan-mahai autogestionatu bat osatzen dugu, Gasteizko jaien baitan gune alternatibo, feminista eta euskalduna antolatzeaz arduratzen dena. Helburua adostasunetan oinarrituta funtzionatzea da. Hala ere, kontsentsuz erabakiak hartzeko aukerarik ez dagoenean, eragile bakoitzaren bozka beharrezkoa izaten da egoera korapilatsu ezberdinei aurre egin ahal izateko. Gaur egungo egoera horietako bat da: Gasteizko Gazte Koordinadora Sozialista (GKS) eta Gasteizko Etxebizitza Sindikatua Gasteizko Txosna Batzordetik kanpo uzteko erabakiari dagokionez, bi eragilek ez dute ez erabakia, ez dokumentu hau babesten.

Txosna Batzordearen oinarriak berrikuste, berritze eta sakontze aldera, 2020. urtean hausnarketa prozesu batean murgildu ginen. Bide horretan, hausnarketa luze zein aberasgarrian sarturik, herri mugimenduko eragileen oinarrietatik abiatuta, formula zein ideia berriak uztartuz eremu kolektiboak indartzea izan zen helburu nagusia, txosnagunetik haratago ere. Hausnarketa aberasgarria izan zitzaigun, halaber, Txosna Batzordean elkarbizitzarako formulak zehazteko eta barne antolaketan jauzia emateko. Eragile berriak sartzeko modua definitu genuen ere.

Gasteizko Txosnak etorkizuneko proiektu kolektibo gisa indartzea izan da gure helburu nagusia

Zangotrabak zangotraba, balorean jarri nahi dugu gainontzeko kolektibo guztien artean egindako lana, bakoitzaren erritmo zein beharrak kontuan hartuta aurrera egitea lortu baitugu: guztion artean Gasteizko Txosnak etorkizuneko proiektu kolektibo gisa indartzea izan da gure helburu nagusia.

Hausnarketa horren bukaeran, lldo Sozialistako GKS eta Gasteizko Etxebizitza Sindikatuen zein beste bi eragileren sartze proposamenak baloratu ziren. Aho batez, azken bi kolektiboak sartzea erabaki zen. Aldiz, lehenengoko biak kanpoan geratu ziren. Ezinezkoa izan zen adostasunik lortzea, baina erabakia mahaiaren gehiengo zabalarekin hartu zen. Nahiz eta eragile bakoitzak bere iritzi propioa izan, orokorrean elkarbizitzarako trabetan oinarritu ziren ezezkoaren argudioak. Izan ere, Gasteizko Txosnak osatzen ditugun kolektibo askok bi kolektibo horiekin Gasteizko Herri Mugimenduan izandako esperientzia ezberdinek elkarlanerako borondate eza erakutsi izan ohi dute, horrek momentu eta esparru ezberdinetan gatazka ugari sortu dituelarik.

Ezinezkoa izan zen adostasunik lortzea, baina erabakia mahairen gehiengo zabalarekin hartu zen

Eztabaida luzeen ondoren erabakia hartuta, Txosna Batzordeak konpromisoa hartu zuen bi kolektiboei erantzun bat emateko. Kolektibo horien erantzuna, ordea, horren jakitun izanda ere, eta nahiz eta kolektibo horiek erantzun ofizial bat jasoko zutela jakin, Txosna Batzordeko parte diren kolektiboen erritmoak errespetatu gabe barne informazioa publiko egitea izan zen, erabaki kolektiboa hartu eta ordu gutxitara. Horrez gain, uda hasieran hasi eta Gasteizko jaietan bukatuko zuten Txosna Batzordearen kontrako kanpainan murgildu ziren. Horrek, zalantzarik gabe, Gasteizko Txosnen kontrako intoxikazio mediatikoaren ondorio zuzena suposatu zuen; gauzak horrela, egoera kudeatzeko zailtasunak izan genituen, eta konfrontazioa saiheste aldera irakurketa publikorik ez egitea erabaki genuen. Hala ere, herri mugimenduak osatzen duten eragile ezberdinekin gertatutakoaren idatzia elkarbanatu genuen, egoerak hori eskatzen zuela ulertuta.

Kolektibo horien erantzuna barne informazioa publiko egitea izan zen, erabaki kolektiboa hartu eta ordu gutxitara

Ikasturte honen hasieran, bi talde horiek, berriz ere, Txosna Batzordean sartzeko proposamena helarazi zuten, egoerak inori mesede egiten ez ziola azalduz. Txosna Batzordeak iazko egoeratik hona ez du inolako aldaketarik sumatu, ezta horretarako borondaterik ere. Horregatik, gehiengo zabal batekin bi eragile horien sarrera ez da ontzat ikusi. Horren bitartean, bi kolektibo horiek udalarekin harreman zuzenetan aritu dira. Horren ondorioz, Txosna Batzordearen funtzionamendua eta urte luze hauetan zehar izandako autonomia arriskuan jarri dute.

Txosna Batzordetik hurrengoak aipatu nahi ditugu:

1. Txosna Batzordea ez dator bat Ildo Sozialistak zabaldu duen beto politikoaren ideiarekin. Batzordea osatzen dugun egungo taldeen proiektu aniztasunari eta kultura zein orientazio politikoei begiratzea besterik ez dago. Txosna Batzordeko kideok txosnetan gertatu den egoera hau ez dugu modu isolatuan ikusten. Azken urteetan emandako gertaeren eta izandako esperientzia ezberdinen ondorio besterik ez dela uste dugu. Kezkaz eta suminez bizi izan dira Gasteizko Herri Mugimenduko gehiengoan inposizioen, lekuz kanpoko ahozko erasoen, intoxikazioen, mehatxuen eta liskarren etengabeko saiakerak. Izan ere, horiek guztiek ez dute elkarlanerako biderik ahalbidetu, eta, hortaz, berdinen arteko lankidetzarentzako oztopoak besterik ez dira izan.

Txosna Batzordearen funtzionamendua eta urte luze hauetan zehar izandako autonomia arriskuan jarri dute

2. Gure ustez, Txosna Batzordeak ezin dio Gasteizko Herri Mugimenduan bizi dugun egoerari irtenbidea eman, ezta erantzukizun hori hartu ere. Errespetuan oinarritutako bizikidetza osasuntsu bat lortzera bidean, eragile guztien artean egin beharreko lana ezinbestekoa ikusten dugu. Horrela, adostasunetan oinarrituta, elkarrekin lan egiteko aukerak sortzea posible dela sinesten dugu.

3. Txosna Batzordera proiektua elikatu nahi duen eragile oro ongi etorria izango da, beti ere mahaia osatzen duten kolektiboen jarduna errespetatuz eta elkarlanerako prestutasuna erakutsiz.

4. Txosna Batzordea beti izan da Gasteizko Herri Mugimenduaren aniztasunaren ikur nagusienetakoa, elkarlanaren eredu une zailenetan ere. Horregatik, bere erabakien erabilera politiko distortsionatu eta interesatu oro ozen salatu nahi dugu.

Adostasunetan oinarrituta, elkarrekin lan egiteko aukerak sortzea posible dela sinesten dugu

5. Txosna Batzordeari dagozkion erabakiak eragile guztion artean osatutako mahaiak hartuko ditu, orain arte egin bezala. 43 urte hauek ez dira hutsalak. Urteak daramatzagu guztion artean elikatzen dugun espazio honengatik lanean eta borrokan. Gasteizko jaien baitan zilegitasunez egiten dugu lan, hiriko jendarteak eskatzen duen espazio alternatibo, autogestionatu, feminista eta euskalduna aurrera eramateko, bide horretan udalarekin lortutako akordioak ezinbestekoak izanik.

Gora Gasteizko herri mugimendua!

Gora Gasteizko Txosnak!

Gasteizko Txosna Batzordea

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago