Bigarren urtez jarraian, Gasteizko Txosnen "beto politikoa" salatu dute Gazte Koordinadora Sozialistak (GKS) eta Etxebizitza Sindikatuak. Larunbatean, apirilaren 22an, dozenaka lagun bildu ziren Aihotz plazan egindako prentsaurrekoan.
Alde batetik, txosna batzordea osatzen duten kolektiboen gehiengoak txosna jartzeko aukera ez ematea erabaki du aurten ere. Ikasle Abertzaleak-ek historikoki izan duen txosna mantenduko duen arren, Mugimendu Sozialistarekin izandako arazoak dira berriz ere bi kolektiboen txosnak jartzeari uko egitearen arrazoi nagusia. Nolanahi ere, txosna batzordeak ez du inoiz gaiaren inguruko adierazpen publikorik egin.
Bestalde, Udalak azken egunetan jakinarazi die Gasteizko jaietan txosna propioa jartzeko alternatibarik ez dutela izango, ez EHUren Campusean kokatutako txosnagunean (Udalaren arabera, "txosna jartzeko espazio bakarra"), ez beste inon. Gainera, maiatzean horretarako tramitazio epea amaituko da.
"Mugimenduon atzean EH Bildu-Sortu"
"Denbora luze daramagu Gasteizko jaietan txosna jartzeko aukera aldarrikatzen. EH Bildu-Sortuk, Mugimendu Sozialistaren adierazpen ezberdinak zokoratu eta indargabetzeko helburuarekin, ahal duen toki guztietan txosnetatik politikoki betatzeko hautua egin zuen iaz", kritikatu dute. "Aurten ere, agerian gelditu da hautu berdinarekin jarraitzen dutela. Ikasturte hasieratik, irtenbideen inguruan pentsatzeko borondatea adierazi diegun arren, txosna batzordeak gurekin biltzea bera ere ukatu egin du".
EH Bildu eta Sorturi hori guztia "aurpegia zikindu gabe" egiten saiatzea leporatu diete, ustez, "txosna batzordean daude eragileen artean gehiengoa" baliatuta. Gaur egun txosna batzordea osatzen duten kolektiboak honako hauek dira: Askapena, Errekaleor Bizirik, Gazte Karpa (Ernai), Hala Bedi, Ikasle Abertzaleak, Iraultza 1921, Jardun Koordinadora, Kalera Karpa (presoen eskubideen aldeko mugimendua), Gasteizko Mugimendu Feminista eta Sukalde Gerrilla; hau da, hamar eragiletik soilik bi dira ezker abertzalekoak.
"Mugimenduon atzean EH Bildu-Sortu dagoela badiogu, haiek neurria hasieratik bultzatu dutelako da", diote. "Betoa salatzea ezinbestekoa da, ezarritako neurriaren larritasuna handia baita. Izan ere, demokraziaz ahoa betetzen zaien arren, ez dute Mugimendu Sozialistarekin espaziorik partekatzeko ez honi lekurik uzteko borondaterik, Mugimendu Sozialistaren hedapenarekin gazteen artean nagusitasuna galtzen ari direlako. Betoa Mugimendu Sozialista espazio sozialik gabe uzteko saiakeraren lekuko da. Dena dela, dei egiten diegu txosna batzordean betoaren alde egin duten eragile guztiei hartutako erabakia zuzentzera".
Alternatiba eske
Txosna batzordeari "egoera konpontzeko borondate falta" egotzita, azaldu dutenez, abenduan Gasteizko Udalarekin harremanetan jarri ziren bi antolakundeak, irtenbide bat exijitzeko. "Legez edozein eragilek espazio publikoa erabiltzeko bermea izan beharko lukeen heinean, txosnagunean edo bertatik kanpo txosna beste nonbait jartzea exijitu diegu. Aurten beraiekin batzea lortu dugun arren, oraingoan ere nahiago izan dute beren erantzukizuna saihestu eta beste albo batera begiratzea, txosna batzordearen betoa berretsiz".
Horren aurrean, EH Bildu, Sortu eta txosna batzordeaz gain, EAJ eta PSE ere "egoeraren erantzule" direla azpimarratu du Mugimendu Sozialistak, GKSk eta Etxebizitza Sindikatuak txosna jartzeko "bide posible guztiak albo batera utzi" dituztelako.
Hala ere, bi antolakundeek uste dute horren atzean "borondate falta" dagoela, eta "espazioren bat" bermatzeko galdegin diote Udalari. Horregatik, maiatzaren 6an manifestazioa egingo dute, 18:00etan Andre Maria Zuriaren plazatik hasita, Udalari "egoerari berehala irtenbide bat eman diezaiola" exijitzeko.
Bideoa: GEDAR.eus