Eragiteko janzten

Gasteizko haurren loturak euskararekin

Jon Hidalgo 2026ko maiatzaren 29a

Ikuspegi anitzetatik begiratuta lortu dugu haurren euskararekiko loturak aztertzea. Argazkia: ALEA.

Hezkuntza munduan euskararen egoera zein den aztertu dugu, hainbat irakasle, guraso eta begiralerekin hitz eginda. Eragiteko Janzten zikloko elkarrizketa guztiak sarean ikusgai daude jada.

Euskararen biziberritzean aurrerapausoak emateko beharrezkoa da etengabe aritzea hausnarketa prozesuan, ahulguneak identifikatu eta behar den lekuan indarrak jartzeko. Asmo horrekin itzuli da beste urte batez Eragiteko Janzten zikloa, "Gasteizko euskaltzaleon gogoetarako une eta guneak".

Aurten hezkuntza munduari begira osatu da bideo elkarrizketa sorta. Etorkizuneko euskaldunak izango diren haurren hizkuntza ohiturak aztertu nahi izan ditugu, eta horretarako gonbidatu ditugu Gasteizko ikastetxe eta esparru ezberdinetako gurasoak, irakasleak eta aisialdiko begiraleak.

Zer lotura emozional dute gure haurrek euskararekin? Zer hizkuntza erabiltzen dituzte eskolan, parkean, musika entzutean edo lagunekin hitz egitean? Nolakoa irudikatzen dugu haien etorkizuna, euskarari dagokionez? Nola sustatu erabilera? Behartu, limurtu, lagundu, proposatu; oreka posiblerik ba al da?

Hamabi elkarrizketa guztira

Euskaltzaleen Topagunea, Lazarraga Kultur Elkartea, GEU Elkartea eta ALEAren eskutik askotariko ahotsak bildu ditugu zikloan. Gasteiztar zahar eta berriak, Euskal Herriko, estatuko eta munduko txoko ezberdinetatik etorriak. Nork bere ikuspegitik azaldu digu bere seme-alaben errealitatea, joerak, zailtasunak eta indarguneak.

"Lortu dugu seme-alabek sentitzea euskara bere hizkuntza dela". Rakel Borrega Imazek zabaldu zuen zikloa. Denon Eskola plataformako kidea da bera, eta bi seme-alabaren ama.

"Behartuta kontrako erreakzioa sortu daiteke, baina bestela agian ez dute inon egingo". Iñigo Genuak, Miguel de Cervantes ikastetxe publikoko ikasketa buruak, azalduko digu nolako egoera duen euskarak eskolan, nola saiatzen diren sustatzen, eta zer lotura duten beren ikasleek euskararekin.

"Euskaltzaleen seme-alabek ere baztertzen dute euskara DBHn, eta batxilergoan berreskuratu". Juantxo Sanchez Adurtza Ikastolako gurasoa da, Burgostik etorria eta euskaldundua. Bere ekarpena eta bere alaben errealitatea ezagutu ahal izan ditugu elkarrizketan.

"Bertso eskolan ez zara kontziente euskaraz zabiltzala, baina bazabiltza". Bertsozale elkarteko langilea da Peru Abarrategi bertsolari aramaioarra. Haur eta gaztetxoekin bertso eskolak ematen dihardu Araban zehar, txikiak jolasean dabiltzan bitartean euskara ere landu dezaten.

"Mintzalagun talde potenteak sortu ditugu gurasoen artean". Armentia Ikastolako bi ikasleren ama da Amaia Sagasti. Bere alaben hizkuntza ohiturak ezagutu ditugu, eta baita guraso bezala abiatu dituzten ekimenak ere.

"Hona etorri gara, eta zuen kultura hartu behar dugu gurea bezala". Paraguaytik etorri ziren Gasteiza Natalia Acosta eta bere semea, eta Alde Zaharrean bizi dira, pixkanaka euskaran murgiltzen. Guarani hiztuna da, eta antzekotasun nabarmenak ikusten ditu euskararen egoerarekin.

"Ezin dugu espero gure umeek sistematikoki korrontearen kontra egitea". Anne Egaña soziolinguistika ikerlaria ere gonbidatu dugu ziklora. Gasteizko guraso euskaltzaleen estrategiak ikertzen dabil, euskara mantendu eta sustatzeko moduak aztertzen.

"Haurrek lasai erabili dezatela euskara, epaituak sentitu gabe". Yara N'Diaye eta Oihan Lopez de Luzuriaga begirale gisa aritzen dira San Viator eskolako eskaut taldean. Bertan euskara sustatzeko dituzten eta falta zaizkien estrategiak aletu ditugu, aisialdia euskara sustatzeko "ingurune aproposenetakoa" dela baliatuta.

"Haien zirkuluetan ez dute euskara entzuten, ez die ezertarako balio". Federico Baraibar da Gasteizko A ereduko eskola bakarrenetako bat, eta Gasteiza etorri berri diren familietako seme-alabak izan ohi dira ikasleetako asko. Iñaki Acedo euskara irakaslea da bertan, eta eskolatik ikusten du gazte hauetako askoren lehen kontaktua euskararekin, Euskal Herriarekin, Espainiarekin...

"Euskarak geroz eta gehiago markatzen du zer klasetakoa zaren". Gasteizko Alde Zaharrean bizi da Ruba Hassan. Siriarra izatez, euskaldun askorekin izan du harremana azken hamabi urteetan, eta sentsazio kontrajarriak sortu dizkiote.

"Konturatuko balira hemen benetan errebeldea eta alternatiboa euskaraz egitea dela...". Auzoko D ereduko eskola publikora eramaten ditu Etxahun Otañok bere bi alabak, Abendaño ikastolara. Berarekin aztertu dugu alabek zer nolako lotura duten euskararekin, eta zer baliabide eta oztopo agertu ohi zaizkien bidean.

"Nerabeei eskatzen diegu euskaraz egiteko, txikienek eredutzat izan ditzaten". Irati Barona Kimuak aisialdi taldeko begiralea da, haur bezala parte hartzetik helduen mailara igarota. Euskara sustatzeari garrantzia berezia ematen diote taldean, eta izandako arrakastak, zailtasunak eta erronkak kontatu dizkigu elkarrizketan.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago