Euskararen biziberritzean aurrerapausoak emateko beharrezkoa da etengabe aritzea hausnarketa prozesuan, ahulguneak identifikatu eta behar den lekuan indarrak jartzeko. Asmo horrekin itzuli da beste urte batez Eragiteko Janzten zikloa, "Gasteizko euskaltzaleon gogoetarako une eta guneak".
Aurten hezkuntza munduari begira osatu da bideo elkarrizketa sorta. Etorkizuneko euskaldunak izango diren haurren hizkuntza ohiturak aztertu nahi izan ditugu, eta horretarako gonbidatu ditugu Gasteizko ikastetxe eta esparru ezberdinetako gurasoak, irakasleak eta aisialdiko begiraleak.
Zer lotura emozional dute gure haurrek euskararekin? Zer hizkuntza erabiltzen dituzte eskolan, parkean, musika entzutean edo lagunekin hitz egitean? Nolakoa irudikatzen dugu haien etorkizuna, euskarari dagokionez? Nola sustatu erabilera? Behartu, limurtu, lagundu, proposatu; oreka posiblerik ba al da?
Hamahiru elkarrizketa guztira
Askotariko ahotsak bildu ditugu zikloan. Gasteiztar zahar eta berriak, Euskal Herriko, estatuko eta munduko txoko ezberdinetatik etorriak. Nork bere ikuspegitik azaldu digu bere seme-alaben errealitatea, joerak, zailtasunak eta indarguneak.
Lehen elkarrizketarako Rakel Borrega Imaz gonbidatu dugu. Denon Eskola plataformako kidea da, eta bi seme-alabaren ama. Hemendik aurrera astean bi elkarrizketa argitaratuko ditugu maiatza bukaerara arte, ALEAren webgunean bertan.
Hurrengoak, Miguel de Cervantes eskolako ikasketa burua, Burgostik etorritako aita euskalduna eta Paraguaytik etorritako ama guarani hiztuna. Hamahiru elkarrizketa guztira, Euskaltzaleen Topagunea, Lazarraga Kultur Elkartea, GEU Elkartea eta ALEAren eskutik.