Berriz ere dena emateko unea izango dira aurten Gasteizko Andre Mari Zuriaren jaiak, hiru urte beranduago. Pandemiaren ondoriozko etenaldiaren ostean, Gasteizko Udalak 836.000 euroko aurrekontua bideratu du programazio ofiziala antolatzeko, eta gaur goizean horren berri eman dute Gorka Urtaran Gasteizko alkateak eta Estibaliz Canto Kultura zinegotziak.
Aurten, gainera, Andre Maria Zuria jaien zaindari zibil izendatu zeneko 200. urteurrena ospatuko du Gasteizek. "Bi urtez jairik ez izan ondoren, berriro ere itzuliko dira Zeledon, kolorea eta kalean pilatzen den jendearen berotasuna, blusa eta nesken kuadrillak eta familiarekin eta gure lagunekin batera ondo pasatzeko eta dibertitzeko gure-gurea dugun ohitura hori", ospatu du alkateak.
Beti bezala, Gasteizko jaiak abuztuaren 4tik 9ra ospatuko dira. Osteguneko 18:00etan jaurtiko dute txupinazoa eta Zeledon jaitsiko da, baina uztailaren 22tik aurrera 400 ekitaldi baino gehiago izango dira hiriko txoko ugaritan, Santiago Egunaren bezperatik jaien azken egunera bitartean: besteak beste, euskal folklorea, bertsoak, jotak, kontzertuak, haurrentzako ekitaldiak, su artifizialak, antzerkia, umorea...
Kontzertuak
Eskaintza musikalari hasiera ematen joateko, uztailaren 30ean, jaien atarian, Anne Etchegoyen arituko da Plaza Berrian.
Ohi bezala, kontzertu ezagunenak Foru plazan izango dira, abuztuaren 4tik 8ra:
- Abuztuak 4, osteguna: Tanxugueiras
- Abuztuak 5, ostirala: Mikel Erentxun
- Abuztuak 6, larunbata: Rulo y la Contrabanda
- Abuztuak 7, igandea: Izaro
- Abuztuak 8, astelehena: Talco
Beste plaza enblematikoetako bat Aihotz plaza izango da. Bertan izango da GEU Txosna, eta egunero 00:00etan euskarazko kontzertuak izango dira, abuztuaren 5etik 8ra bitartean:
- Abuztuak 3, asteazkena: Azido Folkloriko eta Trikoma (inaugurazio jaia)
- Abuztuak 5, ostirala: Gozategi
- Abuztuak 6, larunbata: Olatz Salvador
- Abuztuak 7, igandea: Harresian Zulo
- Abuztuak 8, astelehena: Neomak
Kontzertu, berbena eta dantzaldietarako beste gune bat izango da Arka plaza. Egunero, 00:00etatik aurrera, hainbat talde igoko dira oholtzara:
- Abuztuak 4, osteguna: Akerbeltz
- Abuztuak 5, ostirala: Koxkor
- Abuztuak 6, larunbata: Joselu Anayak
- Abuztuak 7, igandea: Lisker
- Abuztuak 8, astelehena: Trikiteens
Aihotz plaza: bertsoak eta euskal folklorea
Abuztuaren 3an, jaien bezperan, GEU Txosnaren inaugurazioa eta GEU sariaren banaketa egingo da 18:00etan. Jarraian, 18:15ean hasiko dira Euskaraldia jolasak, eta 18:15etik 19:15era Blusen eta Nesken Batzordeko kuadrillen pankarten aurkezpena egingo da. Ondoren, 19:30ean, Ane Gebara eta Aitor Vinagretek Eman egurre Pinotxo haurrentzako ikuskizuna eskainiko dute. 20:00etan Azido Folkloriko taldearekin dantza plazan egingo dute, eta 22:00etan Trikoma Bandak borobilduko du inaugurazio jaia.
GEU Txosnaren guneak, kontzertuez gain, bertso saio paregabeak hartuko ditu egunero 13:30ean, Arabako Bertsozale Elkartearen eta honako bertsolarien eskutik:
- Abuztuak 5, ostirala: Oihane Perea eta Nerea Elustondo
- Abuztuak 6, larunbata: Maddi Agirre, Iñaki Viñaspre, Aitor Etxebarriazarraga eta Sarai Robles
- Abuztuak 7, igandea: Ekaitz Samaniego, Manex Agirre, Maddi Sarasua eta Oihana Iguaran
- Abuztuak 8, astelehena: Paula Amilburu, Orlando Arreitunandia, Joanes Illarregi eta Nerea Ibarzabal
- Abuztuak 9, asteartea: Andere Arriolabengoa, Unai Anda, Jone Uria eta Beñat Gaztelumendi
Horrez gain, euskal folkloreko askotariko ikuskizun eta emanaldiak izango dira ere:
- Egunero:
- 12:30 Trikitixa emanaldia, Udal Folklore Akademiako trikitilariekin
- 21:00 Larrain Dantza eta Txulalai, Udal Folklore Akademiako gaita-jotzaileekin
- Abuztuak 5, ostirala: 19:30 Txistulari kontzertua, Euskal Herriko Txistulariak, Udal Folklore Akademia, Indarra Dantza Taldea, Mulixka Dantza Taldea eta Arkaitz Añorgako Dantzarien eskutik.
- Abuztuak 6, larunbata: 19:30 Korrontzi
- Abuztuak 7, igandea: 19:30 Harria ikuskizuna, Mulixka Dantza Taldearen eta Iñaki Perurenaren eskutik
- Abuztuak 8, astelehena: 19:30 Harribitxi ikuskizuna
- Abuztuak 9, asteartea: 19:30 Dantza Plazan, Udal Folklore Akademiarekin
Umorearen Txokoa
Aurten, Umorearen Txokoa Prado parkean jarriko dute, espazio zabalagoa delako eta itzalpean dagoelako. Besteak beste, JJ Vaquero, Iñaki Urrutia, Sara Escudero, Antton Telleria, Axlor Riezu, Sergio Arrospide, Leire Orbe eta Joaquín Pajaron izango dira bertan.
Jotak eta barietateak
Prado parkean ere hitzordu ugari izango dituzte adinekoek eta joten jarraitzaile sutsuek. Eta barietateen ikuskizunak Probintzia plazan izango dira: besteak beste, México Lindo, Sí Señor mariatxi ikuskizuna, David Civeraren kontzertua, Show de la Polaca ikuskizuna, Nacho de la Rosa y los Hidalgos taldeak Los Panchosi egindako omenaldia, eta 80ko eta 90eko hamarkadetako musika biltzen dituen La Poptelera ikuskizuna.
Haurrentzako jarduerak
Txikienek haien neurrira prestatutako jaiak izango dituzte ere, eta Abentura Guneak puzgarriak, jolasak, kirol pistak, jumping-a eta tirolinak eskainiko ditu Arriaga parkean. Horrez gain, Haurrentzako Minidiskoak izango dira Fernandez de Pierola Apezpikuaren lorategietan.
Gainera, Edurne eta Zeledon Txiki abuztuaren 7ko, igandeko, 12:00etan jaitsiko dira Andre Maria Zuriaren plazara, txikienen artean zoramena pizteko.
Ikuskizun piroteknikoak
Su artifizialen magia ere aurten berreskuratuko diren ikuskizunetako bat izango dira, berriz ere Gasteizko gauak argitzeko, Caballer FX (Valentzia), Pirotecnia Pibierzo (Leon), Zarzoso (Castello) eta Ciels en Fête (Frantzia) konpainien eskutik.
Antzerkia
Bestalde, ekainean aurkeztutako udako denboraldiaren barruan, jaietako egitarauak hiru komedia dibertigarri eskainiko ditu Principal Antzokian:
- Abuztuak 4 eta 5, osteguna eta ostirala: Escape Room, Antonio Molero, Marina San Jose, Leo Rivera eta Monica Perez aktoreekin.
- Abuztuak 6 eta 7, larunbata eta igandea: El peligro de las buenas compañías, Fernando Cayo, Carmen Conesa, Ernesto Arias eta Miriam Montilla aktoreekin.
- Abuztuak 8 eta 9, astelehena eta asteartea: El Aguafiestas, Josema Yuste, Santiago Urrialde, Maribel Lara, Vicente Renovell, Kiko Ortega eta Arturo Venegasekin.
EGITARAU OSOA
Beste egitarau eta albisteak
- Eraso matxisten kontrako protokoloa (Gasteizko mugimendu feminista)
- Abuztuaren 4an, Gasteizko jaien txupinazoan sarbideak kontrolatuko dituzte beirarik ez sartzeko
- Abuztuaren 3tik 9ra, GEU Txosna Aihotz plazan
- Abuztuaren 4tik 9ra, Gasteizko Txosnak EHUren Arabako Campusean
- Uztailaren 12tik irailaren 29ra bitartean, Principal Antzokiaren antzerki programazioa
- Abuztuaren 5etik 9ra, Andre Maria Zuria 2022 Torneoa (gizonezkoen pilota profesionala)