Hemen dira Gasteizko jaiak, eta etenaldi pandemikoaren ostean huts egingo ez duen beste gune bat izango da Gasteizko Gaztetxea. Jaien atarian plazaratu dute abuztuaren 4tik 8ra bitartean luzatuko den eskaintza musikalaren egitaraua.
Ohi bezala, abuztuaren 4an, ostegunean, txupinazoaren eguneko festarekin bat egingo du Muinoko Etxeak, arratsaldeko lehen ordutik. Zeledon 18:00etan jaitsiko den arren, Gaztetxeak 16:00etan irekiko ditu ateak, eta 17:00etatik aurrera hainbat DJ izango dira ingurua girotzen: DJ Raybon, DJ Mou, Santaklaux, Jokin Krakovia, Wary eta Papatrauma.
Hurrengo egunetik aurrera kontzertuak izango dira nagusi. Abuztuaren 5ean, ostiralean, bi talde gasteiztar izango dira agertokian: 20:00etan Siroko, ska eta reggae soinuekin; 21:30ean, berriz, Gaztea Cover lehiaketa irabazi berri duen Umami talde gaztea.
Larunbatean, hilaren 6an, Bilboko punk rock doinuen txanda izango da: 20:00etan Blessure taldea arituko da, emakume ahotsa duen punk oi! taldea; 21:30ean Labana igoko da oholtzara, lau emakumek osatutako punk eta power-rock taldea.
Igandean, hilaren 7an, rap musika nagusituko da Gaztetxean: 20:00etan Annekdotas olatzagutiar-gasteiztarraren eskutik; ondoren, 21:30ean, Apolo G's rap kolektibo gasteiztarrarekin.
Jaietako azken egunean atseden hartu aurretik, astelehenean, abuztuaren 8an, azken bi kontzertuak izango dira: 20:00etan Mauleren eskutik, eta 21:30ean Intxixu taldearekin.
BIDEOAK
Siroko
Umami
Blessure
Labana
Annekdotas
Apolo G's