GEU Txosna abuztuaren 3tik 9ra izango da zabalik

Erredakzioa 2022ko uzt. 4a, 17:30

Hiru urteren ostean Aihotz plazara itzuliko da GEU Txosna. / ALEA

Aurten Aihotz plazara itzuliko da GEU Elkartearen txosna, eta abuztuaren 2tik 10era bitartean 200 txanda betetzeko laguntza eskatu dute. Hilaren 3an inauguratuko dute, Aitor Vinagret, Ane Gebara, Azido Folkloriko eta Trikomarekin kontatuko duen jaialdi batekin.

Gero eta gertuago daude Gasteizko Andra Mari Zuriaren jaiak, eta, EHUren Campusean Gasteizko Txosnek eskainiko duten egitarauaz eta Gasteizko Udalak laster iragarriko duen programaz gain, aurten berriz ere Aihotz Plazan izango da GEU Txosna, jarri zen azken alditik hiru urtera, pandemiaren ondorioz.

Jaietan euskararen eta euskal kulturaren presentzia indartzearekin batera, GEU Elkartearen finantziazio iturri garrantzitsua da GEU Txosna; 2013tik aurrera Blusa eta Nesken Elkartearen bitartez —txosnaren kudeatzaile ohia— eta 2019tik modu zuzenean GEU Elkarteak kudeatuta.

Zazpi urte horietan urtero bezala, aurten ere sei langile izango dira txosnaren programazioa aurrera ateratzeko —programazioa aurrerago aurkeztuko dute—, baina bederatzi egunetako txanda guztiak betetzeko 200 boluntario beharko dituzte, montajerako, barrarako eta desmontajerako. Txosna goizetik goizaldera egongo da zabalik, baina txanda guztiak lau ordukoak dira, edonork egiteko modukoak.

Horretarako, txanden deialdia zabaldu du GEU Elkarteak, eta izena emateko galdetegi bat jarri du martxan lagundu nahi duten norbanako, kuadrilla zein taldeentzako. Edozein zalantza izanez gero, info@geuelkartea.eus helbide elektronikora idazteko aukera ere zabaldu dute.

"Bi urte luzeren ostean, txosna guztiok batera loratu behar dugu berriro. Eta gogoratu, zuek zarete GEU!", aldarrikatu du GEU Elkarteak.

 
 
 
 
 
Ver esta publicación en Instagram
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 

Una publicación compartida de GEU elkartea (@geuelkartea)

 

Abuztuaren 3an, loraldia

GEU Txosnaren "loraldia" abuztuaren 3an, asteazkenean, izango da, Gasteizko jaien hasiera egunaren bezperan. 18:00etan, txosnaren inaugurazioa eta GEU Sariaren banaketa egingo dute; ondoren, 19:30ean Igandeak jai ikuskizuna eskainiko dute Aitor Vinagret eta Ane Gebara aktoreek; jarraian, 20:00etan, dantza plazan izango da, Azido Folkloriko taldearekin; eta, azkenik, Trikoma bandak kontzertua eskainiko du 22:00etatik aurrera.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago