Atzera-kontaketa amaitzear da. Pandemiaren ondorioz, hiru urte dira jada Gasteizko Txosnak azken aldiz ireki zirenetik, eta ostegun honetatik aurrera, abuztuaren 4tik 9ra bitartean, Gasteizko jaietan herri mugimenduaren, ospakizunaren eta aldarrikapenaren topagune izango dira berriz ere.
Sei egun, zortzi txosna, hiru karpa, lau oholtza eta 38 kontzertu izango dira aurten EHUren Gasteizko Campuseko txosnagunean. Tranbiaren obren eraginez, hainbat aldaketa egin behar izan dituzte, zenbait espazio birmoldatuz. Gaur goizean muntaiari ekin diote Txosna Batzordeak eta txosna jarriko duten kolektiboek. Horrekin batera, azken xehetasunen berri eman dute.
Txosnisaria: Mirentxin Gidariak
Lehenik eta behin, Gasteizko Txosnek iragarri dute aurtengo txosnisaria duela hilabete gutxi bere ibilbideari amaiera eman dion Mirentxin Gidariak kolektiboarentzat izango dela. Euskal presoen senideak kartzeletara eramaten zituen gidari taldeak txosnen inaugurazio ekitaldian jasoko du aitortza, ostegunean, hilaren 4an, 21:30ean; aurretik, 20:30ean, Broken Brothers Brass Band taldearen soinuekin kalejira bat egingo dute, Kutxi kaletik txosnaguneraino.
"Mirentxineko furgonetetan urte hauetan guztietan argi izan dute protagonista nagusiak presoen senide eta lagunak direla. Baina orain, milaka maitasun kilometroren ostean, eragile honi ere eskerrik asko esateko ordua dela uste dugu. Gasteizko Txosnetan ez dugu bisitarik gabeko presorik nahi, ez; presorik gabeko txosnagunea nahi dugu, eta hala aldarrikatuko dugu abuztuaren 5eko kalejiran eta Elkartasun Eguneko egitarauan", adierazi dute Gasteizko Txosnen bozeramaileek.
Abuztuaren 8an, Entxosnatu Eguna
Txupinazoaren egunaren ostean, egun bakoitzak izaera propio eta berezia izango du: hilaren 5ean, ostiralean, Elkartasun Eguna ospatuko dute; larunbatean, hilaren 6an, Ikasle Egunaren txanda izango da, eta igandean, hilaren 7an, Gazte Egunarena.
Abuztuaren 8an, astelehenean, Entxosnatu Eguna ospatuko dute, Gasteizko Txosnen egunik bereziena: "Bi urteko etenaldiaren ostean, kolektibo zein norbanako oro berrelkartzeko aukera paregabea izango dugu", aldarrikatu dute. Nobedade gisa, Alde Zaharrean ospatuko da aurten: 12:00etan hasiko da Irrien Lagunak ikuskizunarekin; horren ostean, marianitada musikatua eta herri bazkaria egingo dute, Arabako produktu ekologikoekin; Txan Magoaren ikuskizunaren ostean, txosnibusa abiatuko da Gasteizko Campusera, bertan txosnaguneaz gozatzen jarraitzeko.
Eraso matxisten aurka
Jai eredu "euskaldun, anitz, parte-hartzaile eta herrikoiaren" aldeko apustua berretsi dute Gasteizko Txosnek. Zentzu horretan, beste neurri batzuen artean, txosnagunea "eraso matxistarik gabeko espazioa" izatea nahi dute. Horregatik, Txosna Batzordeak bat egin du Gasteizko Mugimendu Feministaren eraso matxisten aurkako protokoloarekin, eta hura aktibatzeko mekanismoak prest daudela azpimarratu dute.
Horrekin batera, Mugimendu Feministak erasoak salatzeko 747 41 48 34 telefono zenbakia aktibo izango du jai guztietan zehar. "Behar izatekotan, hau erabiltzeko deia egiten dugu", eskatu dute Gasteizko Txosnek.
Jasangarritasuna
Azkenik, jai eredu jasangarriago bat lortzeko helburuarekin, ohi bezala, txosnagune osoan edalontzi berrerabilgarri eta birziklagarriak baino ez dira egongo.
Gainera, aurten produktu ekologikoen eta elikadura subiranotasunaren aldeko apustua egin nahi izan du Txosna Batzordeak. Horregatik, besteak beste, Herrizoma Elikadura Sarearen garagardoa dastatzeko aukera egongo da.
MAPA
PROGRAMAZIO OSOA
Abuztuak 4 osteguna - Txupinazoaren eguna | |
20:30 | Broken Brothers Brass Band taldearekin kalejira, Kutxitik txosnagunera |
21:30 | Inaugurazio ekitaldia eta txosnisaria |
22:00 | Kontzertuak
|
Abuztuak 5, ostirala - Elkartasun eguna | |
15:00 | Herri bazkaria (Landatxo kiroldegian) |
20:00 | Presoen eskubideen aldeko elkarretaratzea (Andre Maria Zuriaren plazan) |
20:30 | Kalejira (Andre Maria Zuriaren plazatik txosnagunera) |
21:00 | Ekitaldia (Eszenatokian) |
22:00 | Kontzertuak
|
Abuztuak 6, larunbata - Ikasle eguna |
|
14:00 | Ikasle bazkaria (Entxosnatu Karpan) |
16:00 | Bazkalosteko jolasaldia (Entxosnatu Karpan) |
00:00 | Ekitaldia (Eszenatokian) |
22:00 | Kontzertuak:
|
Abuztuak 7, igandea - Gazte eguna |
|
14:30 | Gazte bazkaria (Gazte Karpan) |
23:30 | Ekitaldia(Eszenatokian) |
22:00 | Kontzertuak:
|
Abuztuak 8, astelehena - Entxosnazio eguna | |
12:00 | Irrien Lagunak ikuskizuna (Alde Zaharrean) |
13:00 | Marianitada musikatua (Alde Zaharrean) |
14:30 | Herri bazkaria (Alde Zaharrean) |
16:00 | Txan Magoaren ikuskizuna (Alde Zaharrean) |
19:00 | Txosnibusa (Hala Bedi Tabernatik txosnagunera) |
22:00 | Kontzertuak:
|
Abuztuak 9, asteartea |
|
22:00 | Kontzertuak:
|
GAZTE KARPA
Gasteizko Txosnen barruan, Gazte Karpa ere bueltan izango da aurten, askotariko kontzertu eta jarduerekin. Abuztuaren 4tik 9ra bitartean, askotariko jarduerak, kontzertuak eta pintxadak izango dira bertan. Besteak beste, Worth It, Ziztada & Rlantz, Dena, Feline, Sutan Klan, Odei Barroso eta Morti Jaleo izango dira oholtza gainean: