Hamaika borroka bizitzeko jaioak! lelopean, Gasteizko Txosnekin batera eta hiru urteren ostean, Gazte Karpa ere bueltan izango da aurten, abuztuaren 4tik 9ra. Gaur bertan plazaratu dute txosnaguneko gazte mugimenduaren txokoan izango diren jardueren egitaraua.
Hilaren 4an, ostegunean, Lokatz Hi-Fi izango da 12:30etik aurrera Kutxi kalea girotzen, kuadrillen arteko bazkaria eta txupinazoaren aurretik. 20:30ean, Broken Brothers Brass Band taldeak girotutako kalejirarekin bat egingo dute Alde Zaharretik, 21:30ean txosnagunea inauguratzeko. Worth It hardcore talde bizkaitarra izango da Gazte Karpako oholtzara igoko den lehen taldea, 23:00etan; ondoren, txosnaguneko agertoki nagusiko kontzertuen ostean, DJ Mala eta BTKS izango dira karpa girotzen, 03:00etatik itxi arte.
Bigarren egunean, abuztuaren 5ean, Presoen Egunaren barruan Landatxon 15:00etan antolatutako elkartasun herri bazkarira joateko deia egin diete gazteei. 17:30ean, photocall bat eta presoei idazteko gunea izango dira Garraxi Tabernan. 20:00etan euskal presoen eskubideen aldeko elkarretaratzearekin bat egingo dute, eta ondoren, kalejiran abiatuko dira txosnagunera. 21:00etan brindisa egingo dute bertan. 23:00etan Ziztada & Rlantz rap eta reggae taldearen kontzertua izango da, eta 03:30etik aurrera Traumreise kolektiboko DJak.
Abuztuaren 6an, larunbatean, Ikasle Eguna ospatuko da txosnagunean. Egun horretan, Gazte Karpak hainbat jarduera antolatu ditu: 18:00etan, gazte ginkana Burullerias plazatik; 23:00etan rock alternatiboa eta post-hardcorea nahasten dituen Ondarruko Dena taldearen kontzertua; 00:30ean, elektronika, punk eta dark pop soinuak nahasten dituen Feline talde bilbotarraren kontzertua. DJ Arocenak girotuko du Gazte Karpa 03:00etatik aurrera.
Gazte Karparen egun berezia izango da abuztuaren 7a, igandea, egun horretan Gazte Eguna ospatuko baitute: 13:00etan, txistorrada eta marianitada; 14:30ean gazte bazkaria; 17:00etan, Mal & 2 tributo taldearen kontzertu ibiltaria, txosnagunetik Kutxira; 23:30ean gazte ekitaldia; 01:30ean akelarrea; eta 03:30etik aurrera, Azken Erromantikoak DJ taldearen pintxada.
Abuztuaren 8an, Entxosnatu Egunera batuko da gazte mugimendua, Alde Zaharreko Etxanobe parkean: 12:00etan, Irrien Lagunak ikuskizuna; 14:30ean herri bazkaria, eta 16:00etan Txan Magoa. Gauean, berriz, honako kontzertuak izango dira Gazte Karpan, rap musika nagusituko delarik: 22:00etan Sutan Klan rap talde gasteiztarra, 23:00etan Odei Barroso, eta 03:00etatik aurrera DJ Isilin eta DJ X-en pintxada.
Jaiak amaitzeko, abuztuaren 9an, bi hitzordu nagusi izango ditu Gazte Karpak: 18:00etan partxis txapelketa egingo dute, eta 23:00etan Morti Jaleo Sevillako kantautore feministaren kontzertua ikusteko aukera egongo da.
EGITARAUA