Gasteizko jaien txupinazoan sarbideak kontrolatuko dituzte, beirarik ez sartzeko

Erredakzioa 2022ko eka. 30a, 18:00

Hiru urteren ostean Gasteizko jaietara itzuliko da betiko txupinazioa. / ALEA

Udaltzaingoa eta Ertzaintza Gasteizko Udalarekin bildu dira aurtengo jaietako plan berezia koordinatzeko: txupinazoan ezingo da beirarik sartu plazara, eta jaietan zehar prebentziozko zaintzak egingo dituzte sexu erasoak ekiditeko.

Hilabete pasatxo baino ez da falta Gasteizko jaietarako, eta gaur bertan segurtasun plan berezia koordinatzeko bildu dira Udala, Udaltzaingoa eta Ertzaintza. Erabakitako neurrien artean, Andre Mari Zuriaren plaza itxiko dute abuztuaren 4an, txupinazoan eta Zeledonen jaitsieran beirarik ez sartzeko.

2019an izan zen azken txupinazoa, bere ohiko formatuan behintzat. Nolanahi ere, beira sartzeko debekua 2017tik dago indarrean, bertan milaka herritar bilduko direla kontuan hartuta, hautsitako botilek eta ontziek eragin ditzaketen zauriak eta ebakiak direla eta. Sarbideak ixteko protokoloa, berriz, 2019an ezarri zen, eta orduan erabilitako plan bera da aurten erabiliko dena.

Plaza ixteaz gain, hamar sarbide-kontrol jarriko dituzte, eta soilik horietatik sartu ahal izango da plazara: Hedegile kaletik, Zapatari kaletik, Errementari kaletik, Probintzia plazatik, Prado kaletik, Dato kaletik, Posta kaletik, Olagibel kaletik, San Frantzisko aldapatik eta Loma Jeneralaren plazatik. 

Delituak eta sexu erasoak

Txupinazorako segurtasun planarekin batera, Udaltzaingoa eta Ertzaintza elkarlanean arituko dira jaietan zehar. Besteak beste, kaleko presentzia areagotuko dute, eta Ertzaintzaren dronak erabiliko dituzte, delituak ekiditeko asmoz.

Arreta berezia jarriko dute sexu askatasunaren aurkako delituen aurka. Jende gehien pilatzen den tokietan, parkeetan eta trenbidearen azpiko pasabideetan zaintza berezia egingo dute, bereziki etxera itzultzeko orduetan.

Gainera, bi poliziek salaketen bulegoa partekatuko dute aurten ere Olagibel kalean, Panticosa eraikineko Ertzaintzaren Herritarren Arretarako Bulegoan. Irekita egongo da uneoro abuztuaren 4ko 7:30etik abuztuaren 10eko 21:30era.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago