Eraso matxisten kontrako protokoloa aurkeztu du Gasteizko mugimendu feministak

Erredakzioa 2022ko mai. 27a, 11:49

Eraso ororen aurrean "erantzun zuzena" lehen lerrora eramango dutela adierazi dute. / Gasteizko Mugimendu Feminista

Erasoak salatzeko telefonoa eta Telegram aplikazioa martxan jarri dituzte.

Gasteizko Mugimendu Feministak eraso matxisten kontrako protokoloa jarri du abian berriz ere uda eta jai giroari begira. Jairik gabe bi urte luze egon ostean, aurten berriz ere premiazkoa ikusi dute  protokoloa martxan jartzea, "eredu heteropatriarkalean oinarrituta dagoen jai giroa pribilegioaren erdigunetatik kanpo geratzen diren gorputzak zapaltzen eta erasotzen jarraitzen duelako". Aurtengoan, Mugimendu Feministak ozen oihukatu nahi du bazterrak astintzen jarraituko duela, kaleetan, dantza plazetan, txosnetan eta bestelako espazioetan: "Erasotuak garen bitartean, erantzuteko eta autodefentsarako deia egiten dugu".

Horretarako, Gasteizko zenbait auzoetako jaietan eta hiriko jaietan, nabarmendu dutenez Mugimendu Feministaren telefono zenbakia aktibo egongo da edozein salaketa, behar edo nahi Mugimendu Feministari komunikatzeko. Aurten WhatsApp zein Telegram aplikazioen bidez ere komunikatzeko aukera egongo da, ohiko deiez gain, eta 747 414 834 izango da aipatutako zenbakia.

"Normaltasun berri hau jatorri bera duten krisi anizkoitzak estaltzeko modu bat baino ez da. Izan ere, normaltasun berria deritzoten honetan betiko indarkeria gordina pairatzen ari gara eta jaietan ere presente daude indarkeria hauek guztiak. Bortizkeria, eraso eta eskubideen murrizketa eguneroko errealitate ditugun honetan erantzun zuzena, kaleko presentzia, indarkeria matxistarik gabeko espazioen borroka eta alternatiben eraikuntza lehen lerroan kokatzera goaz", ondorioztatu dute.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago