Jaietan Josema Yuste, Antonio Molero eta Carmen Conesa izango dira Principal Antzokian

Erredakzioa 2022ko eka. 13a, 17:45

Josema Yuste, Antonio Molero eta Carmen Conesa aktoreak. / ALEA

Uztailaren 12tik irailaren 29ra bitartean, hamaika ikuskizun eskainiko ditu Principal Antzokiaren udako denboraldiak, besteak beste, Yuste, Molero eta Conesaren komedia berriekin: El Aguafiestas, Escape Room eta El peligro de las buenas compañias.

Hilabete barru hasiko da Gasteizko Antzokien Udal Sarearen udako denboraldia, eta gaur aurkeztu dute egitaraua. Estibaliz Canto Kultura zinegotziaren hitzetan, "entretenimenduan oinarritutako programazioa" diseinatu dute, "irribarrea atera eta interprete bikainekin oso une onez gozatzeko".

Guztira, hamaika ikuskizunen 23 saio izango dira Principal Antzokian, uztailaren 12tik irailaren 29ra bitartean. Gehienak komediak eta musikalak izango dira, eta, besteak beste, Josema Yuste, Antonio Molero eta Carmen Conesa aktoreen azken lanak izango dira programazioaren barruan.

Sarreren salmenta ekainaren 29an hasiko da, 10:00etatik aurrera ohiko bideetan (aurrez aurre leihatilan, telefonoz eta online). Halaber, jaietarako salmenta berezia egingo da abuztuaren 4tik 7ra bitartean, 11:30etik 13:30era, eta emanaldi bakoitza baino bi ordu lehenago.

 

Jazza Antzokian, EGO eta Mayumana

Denboraldiaren lehen hitzordua Gasteizko Nazioarteko Jazzaldiaren 46. edizioaren barruan antolatutako Jazza Antzokian zikloa izango da. Uztailaren 12tik 16ra, bost kontzertu eskainiko dituzte Principalen, egunero 17:30ean: asteartean, Euskadiko Ikasleen Jazz Orkestra; asteazkenean, Yessaï Karapetian; ostegunean, Marcin Masecki eta Jerzy Rogiewicz-Ragtime; ostiralean, James Brandon Lewis; eta larunbatean, Kassa Overall.

Uztailaren 22an, Euskal Herriko Gazte Orkestraren (EGO) kontzertuak segida emango dio egitarauari. Taldeak Kanarietako Orkestra Gaztearekin (JOCAN) eta Nemanja Radulovic biolin-jotzaile entzutetsuarekin partekatuko du agertokia, Mendelssohnen lanean oinarritutako errepertorioa eta Txaikovskiren Biolinerako kontzertua interpretatzeko.

Ondoren, uztailaren 29tik 31ra, Mayumanaren Currents ikuskizuna Gasteizera iritsiko, pandemiaren ondorioz bertan behera gelditu ostean; sei saio eskainiko ditu konpainia israeldarrak.

Gasteizko jaietan, komedia nagusi

Andre Maria Zuriaren jaietan, abuztuaren 4tik 9ra bitartean, komediak hartuko du Principal Antzokiaren agertokia. Hilaren 4an eta 5ean, Escape Room antzezlanaren txanda izango da, Antonio Molero, Marina San Jose, Leo Rivera eta Monica Perez aktoreekin.

Abuztuaren 6an eta 7an, El peligro de las buenas compañías izango da oholtza gainean, Fernando Cayo, Carmen Conesa, Ernesto Arias eta Miriam Montillarekin.

Jaietako programazioa Josema Yusteren El Aguafiestas lanak itxiko du, hilaren 8an eta 9an; Yustek zuzendu du, eta aktorea gisa ere aritzen da Santiago Urrialde, Maribel Lara, Vicente Renovell, Kiko Ortega eta Arturo Venegasekin batera.

Irailean, 'Prisma'

Jaien osteko ajea gaindituta, irailean Prisma lanaren estreinaldia iritsiko da Principal Antzokira, Metamorphosis Dance dantza konpainiaren eskutik. Gasteizko Terrorismoaren Biktimen Oroimenerako Zentrorako sortutako lan hau duela gutxi dantza lan onenari Max Saria jaso duten Iratxe Ansak eta Igor Bacovichek konposatu dute.

Udazkenean, Nazioarteko Antzerki Jaialdia

Bestalde, Gasteizeko Nazioarteko Antzerki Jaialdiaren 46. edizioa urriaren 1etik azaroaren 27ra bitartean ospatuko da. Aurreratu dutenez, Peter Brook XX. eta XXI. mendeetako antzerkiko sortzaile bikaina izango da Principal Antzokian, bere azken lana, Tempest Project, aurkezteko; William Shakespeareren Ekaitza lanaren berrikusketa bat da, eta urriaren 27an eta 28an egongo da ikusgai.

Horrez gain, Flöz Familia maskaren antzerki konpainiaren azken proposamena, Feste, Gasteizen izango da ere, azaroaren 18an.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago