Vaya semanita saioan agertzen zen El Pelanasek behin baino gehiagotan esana zuen: bera bizitzaren unibertsitatean ikasitakoa zen. Eta, egia esanda, gehienetan hiperformatuta dagoen gizarte batean komeni da noizean behin ere unibertsitate horren lezioetara jotzea. Ondotxo dakite gurasoek.
Enpirismoaren mirariaz, ez dute zertan marketina ikasi behar konturatzeko seme-alabei ezin zaiela esan larunbat goizeko plana psikomotrizitate gune batera joatea denik. Adarra jotzeko modua izan daiteke, noski, nagusitan burokraziarekin lehiatu beharko dutenerako baliagarria izan dakiekeena. Baina, horraino.
Adin tarte batean bederen, benetako hitz magikoa puzgarria da. Hitz hori entzun eta zoramena abiatzen da. Tragedia bakarra da horietako batean sartzeko galtzerdiak eskatzen dizkiotenean txankleta hutsetan azaldu den ume gizajoari.
Formatu horren arrakastaren ispilu da Gasteizko jaietan duela bi hamarkadatik baino gehiagotik formula errepikatzen dela: Abentura Parkea. Prado parkean lehen eta Arriagan orain, denetarik aurki daiteke bertan, hala nola abentura ibilbideak, tailerrak, kirol-pistak, eskulanak... eta puzgarriak, puzgarri zoragarri andana, mota, itxura eta adin-tarte guztietarakoak.
Bada pertsonaia bat, gainera, zintzo-zintzo azaltzen dena, hitzorduari huts egin gabe. Gargantua. Interestellar filmean horrela deitzen diote gizateriaren salbazioa izan daitekeen zulo beltzari, baina ez gaude, tamalez, horretaz hizketan orain. Umeak jaten dituen txapeldun erraldoiaz ari gara. Batez ere ume txikienei beldurra baino ez die sortzen, denborarekin ikasten dutelako —adi, spoilerra—, azkenean onik aterako direla munstroaren ipurditik. Bizitzan trebatzeko beste irakaspen garrantzitsu bat. Paulo Coelhok iniziazioa deituko lioke horri, eta gaiaren bueltan best-seller bat idazteko gai izango litzateke seguruenera.
Mendizabalean, dotore
Behin plastiko berotuaren usainaz ahituta, zirt edo zart egiteko unea iristean, hil ala bizikoa dirudien erabaki horietako bat dator. Mikrosegundo gutxian garun primarioak prozesatzen duen hitz horrekin lehiatzeko unea. Oinarrizko instintu ebolutiboa atakan jar dezakeen horietakoa: barrakak.
Ez dago, ez, erdibideko jarrera posiblerik. Gizakiak barrakak maite ditu, eta gizakiak barrakak gorroto ditu. Bigarren taldean daudenek beti dute aukera haurrak aiton-amonen esku uzteko, barraketara eraman ditzaten. Azken finean, luzaroan hain osasuntsu bizi izan badira, reggaetoi pixkatxo batek ez dietelako aparteko kalterik eragingo.
Aurten ere Mendizabalean egongo da eskura udalak "dibertsiorako eta adrenalinarako" gunetzat jotzen duena. Ohi bezala, umeentzat ez ezik, helduentzako atrakzioak ere egongo dira. Norberak erabaki dezala zer egin bere bizitza eta aziendarekin, noski. Inflazio garaietan interes publikokoa izan daitekeen datu bat ematera mugatuko gara hemendik: prezio "herrikoien" hitzorduak hauek izango dira: uztailaren 28an, arratsaldez; abuztuaren 6an, 11:30etik 14:30era; eta abuztuaren 10ean, arratsaldez.
Behin motomamiaz eta azukre kotoiaz ase eginda, barraken biharamuna baliatu daiteke arte eszenikoetara jotzeko. Haurrei bideratutakoak ere izango dira, noski. Kasurako, Txus eta Txu ezagutzeko moduan egongo dira umeak eta haien alde daudenak —ez du balio umeak antzerkian utzi eta txosnara hurbiltzeak, ez—. Kasualitatez, auzokide bihurtu berri dira, eta elkarbizitzen ikasi beharko dute. Ez da bide erraza izango. Izan ere, Txusek landareak eta animaliak biziki maite dituen emakumea da, eta haiekin mintzatzen da. Txu auzokide berriak, berriz, alergia die loreei, eta arratsaldeko bostetan tea hartzen duen gizon dotore horietako bat da. Zer atera daiteke gaiziki? Ba, hara beste spoiler bat: gauza asko. Peñafloridako Kondearen plazan izango da publiko guztientzako euskarazko antzerki hori, eta toki berean izango dira beste hainbat antzezlan: hori bai, Mieltxo Cervantesen hizkuntza garbian. Eskerrak arratsaldearen amaieran haurrentzako dantzalekua jarriko duten. Abuztuko kanpineko txiki-diskora prestatzen joateko modu bikaina.
UMEENTZAKO EGITARAUA
EGUNERO (5-9)
- 10:30ean Bigantxak. Iradier Arenan.
- 11:30-14:00/17:30-21:00: Abentura gunea haur eta gazteentzat: Puzgarriak, jolasak, kirol pistak, abentura-gunea Birjolastu: Gu-gu Ga-ga gunea, berreraiketak, ontziralekuak, okindegia. Arriagako parkean.
- 12:00-14:00: Gargantua. Arriagako parkean.
- 18:30-20:30: Gargantua. Fernandez de Pierola Apezpikuaren lorategia.
4, OSTEGUNA
- 19:30 Haurrentzako dantzalekua: DJ Maite. Euskaraz. Fernandez de Pierola Apezpikuaren lorategian
5, OSTIRALA
- 12:30 Trokolo antzerkia, Txus eta txu. Euskaraz. Peñaflorida Kondearen plazan.
- 19:30 Haurrentzako dantzalekua: DJ Endika. Euskaraz. Fernandez de Pierola Apezpikuaren lorategian.
6, LARUNBATA
- 11:00 Jolasak. Antolatzailea: Siberiarrak taldea. Artium plazan.
- 11:00 Haurrentzako XVI. Margolaritza lehiaketa. Antolatzailea: Nekazariak taldea. Plaza Berrian.
- 12:00 Jolasak, Basatilandia. Antolatzailea: Basatiak taldea. Urrezko Zeledonen plaza.
- 12:30 Ikuskizuna. Bapatean zirko. Adabaki. Peñafloridako Kondearen plaza.
- 17:30-20:00 Ginkana. Antolatzailea: Okerrak taldea. Arka plaza.
- 19:30 Ikuskizuna. Dantza Saltsa. Fernandez de Pierola Apezpikuaren lorategian.
7, IGANDEA
- 10:30 Txikien argazkiak, XXVI. edizioa. Antolatzailea: Bereziak taldea. Plaza Berrian.
- 11:00 Jolasak: Elkartasunezko Siroko-Zoroak, AFANIS elkartearekin Antolatzailea: Zoroak taldea. Urrezko Zeledonen plaza.
- 12:00 Jolasak. Antolatzailea: Zintzarri. Arka plaza.
- 12:00 Haurrentzako twisterra. Antolatzailea: Belakiak taldea. Santa Barbara Plazako Pergola.
- 12:30 Ikuskizuna. Producciones Kinser. Bromas dulces como la miel. Peñafloridako Kondearen plaza.
- 19:30 Ikuskizuna. Dj Loro Familiarentzako musika. Fernandez de Pierola Apezpikuaren lorategian.
8, ASTELEHENA
- 11:00 Margotxef, haurrentzako gastronomia-jarduera Antolatzailea: Gasteizko Margolariak taldea. Andre Maria Zuriaren plaza.
- 12:00 Apar-festa txikientzat Antolatzailea: Batasuna taldea. Urrezko Zeledonen plaza.
- 12:30 Ikuskizuna. Hodei Magoa. Harritzearen abilezia. Euskaraz. Peñafloridako Kondearen plaza.
- 18:00-20:00 Herri-kirolak haurrentzako. Antolatzailea: Txolintxo taldea. Probintzia plaza.
- 19:30 Ikuskizuna. Sustrai Doinuak. Giro onean hobe dantzatzea. Euskaraz. Fernandez de Pierola Apezpikuaren lorategian.
9, ASTEARTEA
- 12:30 Ikuskizuna. Two much circus. Double Bill. Peñafloridako Kondearen plaza.
- 18:30 Haurrentzako entzierroa. Andre Mari Zuriaren plaza.