Gasteizko jaietan pilota profesionala itzuliko da Ogeta pilotalekura

Erredakzioa 2022ko uzt. 5a, 14:00

Andre Maria Zuria 2022 Txapelketaren aurkezpena, Montehermoso jauregian. / ALEA

Abuztuaren 5etik 9ra bitartean, gizonezkoen pilota profesionala berreskuratuko du Ogeta pilotalekuak, Laso-Imaz, Altuna III-Rezusta, Peña II-Albisu, Ezkurdia-Zabaleta bikoteak bilduko dituen Andre Maria Zuria 2022 Txapelketarekin.

Pandemiaren ondoriozko bi urteko murrizketen ostean, aurten Gasteizko jaietara itzuliko diren gauza askoren artean gizonezkoen pilota profesionala dago. Izan ere, Ogeta pilotalekuan jokatuko da berriz ere Andre Maria Zuria 2022 Torneoa.

Hiru partida izango dira. Abuztuaren 5ean (ostirala) hasiko da, Laso-Imaz eta Peña II-Albisu bikoteen arteko lehen finalerdiarekin. Bi egun geroago, abuztuaren 7an (igandea), bigarren finalerdia jokatuko dute Altuna III-Rezusta eta Ezkurdia-Zabaleta bikoteek. Finala abuztuaren 9an jokatuko da, bi kanporaketetako irabazleen artean.

Andre Maria Zuriaren Txapelketarako sarrerak Entradas Fronton webgunean erosi ahal izango dira laster.

Livia Lopez Kirol eta Osasuneko zinegotziak azaldu du Gasteizko Udalak Ogetak gizonezkoen pilota profesionaleko zirkuituan protagonismoa berreskuratzea nahi duela: "Euskal pilotaren une historiko bikainen agertokia izan da pilotaleku hau eta txapelketa itzulita, lehen mailako pilotariak berriro ere Gasteizen izango ditugu; gainera, ez dago Andre Maria Zuriaren jaiak baino une hoberik, euskal pilota, kirolaz gain, gure kulturaren elementua ere badelako".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago