Gida

Gasteizko jaiak: zer egin eraso matxista edo ziztada baten aurrean?

Erredakzioa 2022ko abu. 2a, 17:00

Mugimendu Feministako kideak, protokoloaren aurkezpenean. / Argazkia: @GasteizkoMF

Mugimendu Feministak hainbat irizpide plazaratu ditu Gasteizko jaietan eraso matxistei zein ziztadei aurre egiteko. Salaketak jasotzeko 747 414 834 telefono zenbakia aktibo izango da uneoro. Eta abuztuaren 4ko gauerdian manifestazioa egingo dute, Beldurrak gurekin jai lelopean.

Gasteizko jaiak datoz, bi urteko etenaldiaren ostean, eta indarkeria matxistaren aurrean mezu argi bat plazaratu du Gasteizko Mugimendu Feministak: "Jaietan ere kontrolpean izan nahi gaituzte; baina ez, feministok jaiak geureganatu eta disfrutatzera goaz", ohartarazi dute. "Nabarmena izan da parrandari lotutako espazioak berriro ireki direnetik emakume eta sexu disidenteen aurkako erasoak ugaritu direla. Eraso horiek ez dira modu isolatuan ulertu behar, menderatu, bortxatu eta isilduak nahi gaituen sistema zisheteropatriarkalaren isla gordina baitira".

Jaietan indarkeria mota ezberdinak ematen direla azpimarratu du Mugimendu Feministak: "Eraso matxista eta jazarpenetatik hasi eta intentsitate ezberdinerako bestelako indarkerietaraino: aisialdiaren ikuskera androzentrikoa, oholtzetako bazterkeria...".

Protokolo feminista

Egoera horri aurre egiteko, uda osoan zehar auzoetako jaietan tokiko jai batzordeekin elkarlanean egin duten bezala, Gasteizko jaietan ere eraso matxistei erantzuteko protokolo feminista abiarazi dute, hiru helburu nagusirekin:

  • Jendartean gaiaren inguruko kontzientziazioa lantzea, eta erasoen kontra egitea guztion ardura eta konpromisoa dela ulertaraztea.
  • Eraso baten aurrean ikuspegi feministatik erantzuteko, hainbat neurri zehatz martxan jartzea.
  • Emakume eta sexu disenteek* jaietan subjektu aktibo bilakatu eta erasoen aurrean erantzuteko autodefentsa feministaren aldarria zabaltzea.

"Festek aukera ematen digute eguneroko martxan nagusi diren zapalkuntzak iraultzeko, esaterako feminismoari botere harremanak aldatzeko estrategiak garatzeko gaitasuna ematen digu. Hala disidentzia gaitasun bat dira. Izan ere, jaiak eraldatzaileak izango dira baldin eta auzolanean eraikitako espazio askeak, libreak, feministak, antiarrazistak, ez homofoboak, ez transfoboak eta euskaldunak badira", azaldu du Mugimendu Feministak.

Protokoloa hainbat gunetan elkarbanatu, landu eta aurrera eramango dute, "espazio seguru, anitz eta feministak" izan daitezen: txosnagunean, herri mugimenduarekin; Aihotz plazan, GEU Elkartearekin, erdiguneko hainbat tabernatan. "Denok dugu espazio horiek zaintzeko ardura, ez soilik emakume eta sexu disidenteok", nabarmendu dute.

Telefonoa eta salaketa publikoa

747 414 834: Horixe izango da eraso matxisten aurrean erabili beharreko telefono zenbakia. WhatsApp zein Telegram aplikazioen bidez ere komunikatzeko aukera egongo da, ohiko deiez gain. Gasteizko Mugimendu Feministak egun guztietan 24 orduz izango du aktibo, jaietan eman daitezkeen erasoen inguruko informazioa jaso, erantzuna eman eta erasotuak izan diren pertsonei akonpainamendua egiteko.

Horrez gain, eraso bat ematen denean, elkarretaratze bat deituko da erasoa gertatu eta hurrengo egunean, publikoki salatzeko. Mobilizazioa ez da eraso guztien aurrean deituko, baina Mugimendu Feministak kasu bakoitza aztertu eta eman beharreko erantzuna erabakiko du.

Manifestazioa

Bestalde, Mugimendu Feministak Gasteizko emakume guztiei dei egin die abuztuaren 4an, 23:59an, Beldurrak gurekin jai lelopean Burulleria plazatik abiatuko den manifestazioan parte hartzeko.

ZER EGIN ERASO MATXISTA BATEN AURREAN?

Eraso matxisten aurrean jarduteko zenbait gomendio zabaldu ditu Gasteizko Mugimendu Feministak sare sozialetan, eta gida moduan zabaltzea eskatu du:

  • Zer egin dezaket eraso matxista bat jasaten ari banaiz?
    • Saiatu zure inguruan daudenen arreta erakartzen: oihu egin, laguntza eskatu, norbaiti kontatu (pertsona ezaguna izan ala ez)

    • Edozein jarrera edo egoerarekin deseroso sentitzen bazara, adierazi zure deserosotasuna (nahiz eta erasotzailea ezaguna izan)

    • Gogoratu: autodefentsa gure eskubidea da, hortaz, eraso batetik babesteko erabiltzen duzun edozein metodo edo jarrera zilegia da

  • Zer egin dezaket eraso matxista bat jasan badut?
    • Deitu norbaiti ospitalera laguntzeko

    • Deitu Mugimendu Feministaren eraso matxisten aurkako arretarako telefonora (747 414 834); babesa eta laguntza emango dizugu

    • Deitu Larrialdietarako telefonora: 112

    • Gogoratu: oraindik salaketarik jarri nahi ez baduzu ere, gorputza garbitzen baduzu, aurrerago lagunduko dizuten frogak galduko dira. Ezer baino lehen ospitalera joatea gomendatzen dizugu.
 
 
 
 
 
Ver esta publicación en Instagram
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 

Una publicación compartida de GasteizkoMF (@gasteizkomf)

 

ZER EGIN ZIZTADA BATEN AURREAN?

Azkenik, Mugimendu Feministak gogora ekarri du azken asteetan hainbat jai gunetan ziztada bidezko erasoak jasan dituztela emakume askok. "Eraso mota horiek lapurtzeko edo sexu delituak egiteko helburuarekin erabili ohi dituzte, baina, modu berean, baita beldurra zabaltzeko eta emakumeoi gauak eta parranda guneak gureak ez direla gogorarazteko ere. Emakumeok bizirik egoteko, aske izateko eta nahi dugun lekuan, moduan eta ordutegian dibertitzeko eskubide osoa dugu", aldarrikatu dute.

Horrekin batera, ziztada baten aurrean jarduteko zenbait gomendio plazaratu dituzte:

  • Abisatu ingurukoak eta ez geratu bakarrik
  • Deitu Larrialdietara (112) edo ospitalera hurbildu
  • Taberna edota txosnaguneko kideak abisatu, protokoloa aktibatu dezaten
  • Gogoratu erasoen telefonoa (747 414 834) erabilgarri dagoela edozer behar izanez gero
  • Mesedez, gertatutakoa helarazi guk informazioa jaso dezagun
  • Gu beldurtzeko beste mekanismo bat da, ez zaude bakarrik
 
 
 
 
 
Ver esta publicación en Instagram
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 

Una publicación compartida de GasteizkoMF (@gasteizkomf)

Erlazionatuak

Jai feministen alde

Erabiltzailearen aurpegia Gasteizko Mugimendu Feminista 2022 uzt 31 Araba

Kultur ekitaldietan ere, libre

Erredakzioa 2022 uzt 31 Gasteiz

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago