Erlezainen lana ezagutaraziko dute Santiago azokan

Erredakzioa 2023ko uzt. 20a, 10:41

Erlezainen lana nabarmendu nahi dute aurten. ARGAZKIA: ALEA

Lurraldeko 40 ekoizle baino gehiago izango dira, baita ganadu, makineria eta traktore zaharren erakusketak ere, ardiak zuzenean moztea edo artilezko tailer bat bezalako berrikuntzekin

Uztailean hitzordu garrantzitsua da arabarrentzat Santiago azoka, eta, aurten ere, unibertsitate campusaren ingurura hurbilduko direnek nekazariak eta abeltzainak aurkituko dituzte, euren elikagai onenen aukeraketa eta lurraldean hazitako animalia mota ugari. "Urtero nekazaritzaren barruko hainbat sektoreri ikusgarritasuna eman nahi diegu. Oraingoan erlezainak izango dira azokako protagonista", azaldu du Amaia Barredo Nekazaritza diputatuak.

Asteartean azokara hurbiltzen direnei beren eguneroko lanean nola aritzen diren azalduko diete erlezainek, Araban lan horren berezitasunak eta, nola ez, erlauntzetatik ateratzen duten eztia ezagutarazteko aukera izango da. "Azpisektore nahiko ezezagun bati buruz ari gara, nahiz eta Araban 350 erlezaintza ustiategi inguru ditugun, eta Apial eta Apigor elkarteen artean 500 erlezain inguru daude". Une honetan, erlezaintzaren sektorea klima-aldaketara egokitzen ari den sektorea dela gogoratu du Barredok; izan ere, tenperaturen igoerak, azken bi horien lehorteak eta beste harrapari batzuek erleen murrizketa ekarri du, eta ondorioz, ezti gutxiago egin dute.

Eztiarekin batera, gainera, beste produktu batzuk aurkituko dituzte azokara gerturatzen direnek. "Azoka hain ospetsua egin duten sekzio tradizionalak izango ditugu berriro. Lurraldeko elikagai eta edari onenen aukeraketa duten 40 ekoizle arabar inguru topatuko ditugu ", zehaztu du Barredok. Araban hazitako abere-espezie eta -arrazen erakusketa ere egongo da, horien artean "euskal oiloa", "azpigorri" ahuntza, "latxa" eta "sasi ardi" ardia, "terreña" behia, "enkarterrietako astoa" eta "Euskal Herriko mendiko zaldia".

Makineriaren erakusketa ez da faltako, traktore zaharren bilduma bat, eta beste hainbat jarduera, txikienentzako animazioa barne, edo Slow Foodek antolatutako Gustuaren Laborategia.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago