Santiago Eguna

Baratxuri Azoka plazaz aldatuko dute aurten

Erredakzioa 2023ko uzt. 17a, 19:30

Santiago Eguneko Baratxuri Azoka, 2022an. Argazkia: Mikel Buruaga / ALEA

Aurten, Santiago Eguneko Baratxuri Azoka Memoriaren Plazan, Olagibel kalean eta San Frantzisko aldapako zati batean egingo da, azken kale horretako obrak direla eta. Artisau azoka Santa Barbara plazara itzuliko da uztailaren 24tik aurrera.

Urtero bezala, uztailaren 25ean, Santiago Eguneko goiztiarrenak izango dira baratxuri zaleak, 07:00etatik 00:00etara izango baitira zabalik Baratxuri Azokako postuak. Aurten, baina, lekuz aldatu behar izango dute, San Frantzisko kaleko obren ondorioz: Memoriaren Plazan, Olagibel kaleko plazan (Espainiako Poliziaren komisariaren aurrean) eta San Frantzisko aldaparen zati batean izango da.

Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Nafarroa, Aragoi, Errioxa, Gaztela eta Leon eta Kantabriatik iritsitako saltzaileek 57 postu jarriko dituzte salmenta ibiltariko aldizkako azoka ospetsuan.

Hasiera batean, azoka Aihotz plazan ere egitekoa zen, baina azkenean, segurtasun arrazoiak direla eta, aukera hori baztertu egin du Gasteizko Udalak. Horrez gain, hiriko zirkulazioan ahalik eta eragin txikiena izateko asmoz, Udaltzaingoak zuzenduko ditu saltzaileen ibilgailuak Fernando Buesa Arena pabiloiko aparkalekutik. Egun bereko 06:00ak izango dira aparkalekura sartzeko azken ordua.

Santa Barbara plazan, artisau azoka

Bestalde, beste behin ere, Santa Barbara plazan egingo da Andre Maria Zuriaren jaietako artisautza azoka, uztailaren 24tik abuztuaren 10era bitartean. Guztira 40 postu jarriko dituzte aurten, eta tokiko artisautzako produktuak zein beste toki batzuetakoak (Thailandia, Nepal, Egipto, Turkia...) erosi ahal izango dira bertan: bisuteria, kosmetika, larrukigintza, osagarriak eta ehungintza izango dira, besteak beste.

Gasteizko saltzaileen 14 postu izango dira, eta gainerakoak Bizkaia, Gipuzkoa, Nafarroa, Errioxa, Bartzelona, Madril, Castello, Teruel edo Caceresetik iritsiko dira.

Azoka uztailaren 24an irekiko dute, 12:00etan, eta abuztuaren 10ean itxi, 02:00etan. Uztailaren 24tik abuztuaren 3ra bitartean, postuak 11:00etatik 14:30era eta 16:30etik 22:00etara izango dira zabalik; Andre Maria Zuriaren jaietan, abuztuaren 4tik 9ra bitartean, 11:00etatik 14:30era eta 16:30etik 01:00etara bitartean irekiko dute azoka. Salbuespen gisa, irekiera egunean 12:00etan zabalduko dute, eta abuztuaren 9an ordutegia 02:00ak arte luzatuko dute.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago