Gasteizko jaiak hasteko egarriz, uztailaren 25ean, Blusa eta Nesken Egunean, Ardo Upelen Lasterketa egingo dute blusa eta nesken kuadrillek, 10:30etik aurrera Plaza Berrian. Gasteiz Wine City elkartearekin batera, Blusa eta Nesken Elkarteko hogei kuadrilla baino gehiago ibili dira aurtengo probaren antolakuntzan; guztira, 24 taldek parte hartuko dute txapelketan.
Valentziako Kriptonita txaranga arituko da ekitaldia girotzen, Plaza Berrian; 10:45ean kuadrillen desfilea ireki ostean, lasterketa animatzen jarraituko du. Paul Urkijo zinemagile gasteiztarra arduratuko da irteerako banderakada emateaz, 11:00etan.
Lasterketak Gasteizko Udalaren eta Vital Fundazioaren babesa du, eta hainbat erakunde eta enpresaren laguntza: Eguren Ugarte upategia, Arabako Foru Aldundia, El Boulevard merkataritza gunea, Eroski, Cafés La Brasileña, El Corte Inglés, Arabako Atletismo Federazioa, Arabako Errioxako Ardoaren Ibilbidea, Arabako Errioxako Upategien Elkartea (ABRA), Arabako Txakolina eta Fideliza-Xabide Taldea.
Dagoeneko Andre Maria Zuriaren jaien atariko ekitaldien artean erreferente bihurtu den lasterketak aurreko urteetako ibilbide bera izango du aurten: Plaza Berritik abiatuko dira taldeak, eta, ondoren, Andre Maria Zuriaren plaza zeharkatu, Mateo Morazatik gora igo eta Lehendakari Agirre kaletik igaroko dira, Plaza Berrira itzuli aurretik. Upel bakoitza bultzatzeko bi lagun izango dira, eta, ibilbidea burututakoan, taldeko beste bi kideri lagako diote lekukoa; guztira, talde bakoitzak lau bira eman beharko dio, txandaka, ibilbideari.
Gaztedi Rugby Taldeko boluntarioak, ibilbidearen komisario gisa, arduratuko dira upela ibilbide osoan zehar biraka doala eta taldeko kide bat gutxienez beti upelari bultzaka doala kontrolatzeaz. Bestalde, Arabako Atletismo Federazioak boluntario gehiago eskainiko ditu, talde bakoitzaren denborak neurtzeko eta kategoria bakoitzaren —mistoa, emakumezkoena eta gizonezkoena— irabazleak zehazteko.
Talde misto irabazleak Eguren Ugarte upategiko 225 litroko ardo upela jasoko du. Baina, horrez gain, talde sailkatuentzat beste sari batzuk izango dira ere: Arabako Errioxako ardo-sorta, Arabako Txakolina eta Arabako Errioxako esperientziak. Aurreko edizioan Vitorino Eguren Ugarte upategiaren sortzaile eta Arabako Errioxako ardoaren historian giltzarri izan zen; apirilean zendu zen, eta aurten gogoan izango dute sari banaketa ekitaldian, 11:45ean.