Aterkia eta zahatoa jaso ditu Zeledonek

Erredakzioa 2023ko abu. 2a, 13:49

Gorka Ortiz de Urbina eta Maider Etxebarria, Andre Maria Zuriaren plazan. Argazkia: Gasteizko Udala

Maider Etxebarria alkateak eman dizkio Gorka Ortiz de Urbinari beharrezko tresnak.

Maider Etxebarria alkatearen eskutik jaso ditu Gorka Ortiz de Urbina Zeledonek abuztuaren 4an prest izango dituen tresnak: Andre Maria Zuriaren jaien hasieran, pertsonaia irudikatzeko erabiliko dituen aterkia eta zahatoa. 

Andre Maria Zuriaren plazan egindako agerraldian, Gasteizko alkateak eta Ortiz de Urbinak ondo pasatzera animatu dituzte herritarrak, "errespetua, tolerantzia eta berdintasuna" oinarri. Etxebarriak "istilurik" gabeko jaien aldeko apustua egin du, eta emakumeek "jazarpenak edo erasoak jasateko beldurrik gabe" gozatzeko aukera izan dezatela eskatu du. "Emakumeen eskubideen aldeko defentsa eta indarkeria matxistarekiko gaitzespena oinarri dituen mezu hau helarazi nahiko nuke".

Gainera, esker oneko hitzak izan ditu alkateak Gorka Ortiz de Urbinarentzat. Hauxe izango da Zeledon gisa egingo duen azken urtea eta urte hauetan guztietan egindako lana txalotu du. 

Bestalde, Ortiz de Urbinak esan du aurtengoa berezia izango dela. "Gogorra egingo zait. Pena ematen dit alde egiteak, baina gogoa ere badut". Beste behin, Andre Maria Zuriaren jaiak errespetuz bizitzeko deia egin du, "hilaren 10ean, balorazioa egiten dugunean, ezer ez dela gertatu esateko moduan izan gaitezen".

Erlazionatuak

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago