Pena eta poza soinean, euritakoa dantzan jartzen duen 21. aldia izango da aurtengoa, eta urte hauetan guztietan bizi izandakoak gogoratzeko momentua; tartean, Iñaki Landarekin batera plaza igaro zuenekoa edo pandemiak jaia zapuztu zuenekoa.
Dena prest abuztuaren 4rako?
Prestatzen ari naiz. Oporrak hartu ditut hurrengo egunetan lasai egoteko eta ospakizuna antolatzen hasteko. Besteak beste, iaz kalimotxoz zikindutako alkondara eta praka erosi behar ditut...
Urtez urte, gero eta neketsuagoa al da plaza zeharkatzea?
Alderantziz, gero eta hobeto. Joan den urtean, bi urteko etenaren ostean, sekulako gogoa zuen jendeak festarako, eta oso ondo portatu ziren. Gero eta laguntza gehiago dut plaza igarotzeko, eta aurten ere Zeledonen jaitsiera lasaia izatea espero dut.
Modu berezian ospatuko duzu azkenekoa?
Balkoian ezin duzu diskurtso handirik eman, baina buruan badut esaldi bereziren bat; ikusiko dugu gero zer ateratzen den. Sentimendu kontrajarriak ditut. Gogotsu eta penaz nago, aldi berean. Badakit ez naizela berriro balkoian izango eta ez dudala berriro pertsonaia hori eramango, ez naiz berriz Zeledon izango, nahiz barruan beti eramango dudan. Hurrengo urtean familiarekin batera ospatuko dut ziurrenik, baina beste Zeledon bat etorriko da, eta horrekin ere gozatuko dugu, noski.
Emakume bat izango da hurrengo Zeledon?
Zergatik ez? Blusa eta Nesken batzordeak erabakiko du hori, eta nik errespetatuko dut hartzen duten erabakia. Gauzak aldatu egiten dira eta normaltasunez hartu behar dugu. Garaiak aldatzen doaz, eta guk batera joan behar dugu, egokitzen jakin behar dugu. Beraiek erabakiko dute.
Iñaki Landak eman al zizun gomendiorik Zeledon izateko?
Nik eskatu nion. Ez nekien zer zen Zeledon izatea; askotan uste dugu abuztuaren 4ko lanak bakarrik direla, eta hori baino gehiago da. Urtean zehar hainbat ekitalditan parte hartzeko gonbita egiten dizute eta egon beharra dago: Alaves igo dela, minbiziaren kontrako jarduera bat dela... Landak aipatu zizkidanen artean, gogoan dut plazan nola mugitu esan zidala, plazan sartzea jendez betetako taberna batetik ateratzearen antzeko zerbait zen, "nekez, baina azkenean lortuko duzu atera heltzea". Beste aholku batzuk ere eman zizkidan, baina pertsonalak dira eta niretzako gordeko ditut.
Zein izan da momentu bereziena urte hauetan?
2007koa oso berezia izan zen. Iñaki Landak eta biok egin genuen, eta plaza zeharkatzea eta bion besarkada ez dut sekula ahaztuko. Niretzat Iñaki bigarren aita baten modukoa da, asko maite dut. Pena izan zen Jose Luis Isasirekin batera ez egitea, gaixorik zegoen. Urte hori berezia izan zen, eta iazkoa ere nabarmenduko nuke, festa gosez baitzegoen jendea pandemiaren ostean.
Zeledon gabe, baina ospatu zenuen pandemian ere ezta?
Hori beti. Argantzonen egon nintzen, bazkaria egin, suziria bota genuen eta behar moduan ospatu genuen. Zeledon izateari uzten diodanerako froga moduko bat izan zen ordukoa. Gauza asko tokatu zaizkit urte hauetan, baita inork espero ez zuen bi urteko jaien etena ere, baina ahal moduan ospatu genuen. Aurten abuztuaren 4an nire soziedadean bazkalduko dut, ziurrenik urduritasunagatik gutxi jango dudan arren, eta ostean plazara... Egun zaila izaten da, baina hau ere ahaztezina izatea espero dut. Herritar guztiak animatu nahi ditut jaiez gozatzera.