Gasteizko jaietan indarkeria matxistaren aurkako kontzientzia zabalduko dute

Erredakzioa 2023ko uzt. 19a, 17:00

Ana Lopez de Uralde Berdintasun zinegotzia. Argazkia: Gasteizko Udala

Santiago Egunean eta Andre Maria Zuriaren jaietan, Libre izan nonahi kanpaina indartuko du Gasteizko Udaleko Berdintasun Zerbitzuak. Indarkeria matxistaren aurkako tatooak, mugikorrak eramatekoak eta zapiak zabalduko dituzte.

Berriz ere, indarkeria matxistak eta horren aurkako kontzientziazioak markatuko dituzte aurtengo jaiak, neurri handi batean. Gasteizko Berdintasun zinegotzi Ana Lopez de Uraldek asteazken honetan aurkeztu du indarkeria matxista prebenitzeko udako kanpaina instituzionala, Sarean seguru, errebelde eta alai. Libre izan nonahi lelopean.

"Pertsona guztiek askatasun osoz adierazteko eta beren burua agertzeko duten eskubidea azpimarratu nahi dugu eta, zehatzago esanda, eraso sexisten eta matxisten biktima izan gabe sare sozialak erabiltzeko duten eskubidea. Gainera, oro har gizartearen eta, bereziki, gazteen artean indarkeria matxista ugariei aurre egiteko garaian aliantza indartu nahi dugu", azaldu du.

Uztailaren 24an, astelehenean, Santiago Egunaren bezperan, sentsibilizaziorako gunea instalatuko dute Aiztogile kalearen eta San Frantzisko aldaparen arteko bidegurutzean. Bertako langileek 20:00etatik 00:00ak arte eskainiko dute arreta, gazteen joan-etorri gehien eta inpaktu handiena izaten duen ordutegi tartean.

Gasteizko jaietan, berriz, indarkeria matxistari aurre egiteko jarduketei zein prebentzioari buruzki informazioa jasotzeko Puntu Morea berriz ere Posta eta Independentzia kaleen artean egongo da. Abuztuaren 4an, 17:00etatik 23:00etara; eta hilaren 5etik 9ra, 18:00etatik 22:00etara.

Horretarako, Berdintasun Zerbitzuak merchandising erakargarria banatuko du: tattoak, mugikorrak eramatekoak, jaietarako zapiak, flyerrak...

Horrez gain, Udaleko beste sail batzuekin elkarlan aktiboa izango dute egun horietan, besteak beste, Udaltzaingoarekin eta Gizarte Larrialdietako Udal Zerbitzuarekin. Erasoak prebenitzeko eta horien aurrean esku hartzeko jarduera plan espezifikoa izango du Udalak, 24 orduz arreta zerbitzuak bermatzeko, gizarte larrialdietako udal zerbitzuek indarkeria matxistarekin lotutako prestakuntza duten langile espezializatuekin.

"Indarkeria matxista ez da soilik eraso fisikoa edo sexuala. Ukituak, baimenik gabeko muxuak, hitz edo begirada iraingarriak ere indarkeria matxista dira. Sexu harremanak lortzeko larderia edo xantaia, irainak edo keinu LGTBIfobikoak... horiek ere indarkeria matxista dira", ohartarazi du Lopez de Uraldek.

Udako kanpaina

Indarkeria matxista prebenitzeko udako kanpainaren lehen fasea amaitu berri da. Izan ere, azken asteetan sentsibilizazio eta prebentzio dispositibo ibiltaria Gamarra, Mendizorrotza eta Estadioko igerilekuetan izan da. Halaber, auzoetako jaietan ere presente egon da kanpaina; besteak beste, Judimendi eta Zabalganeko jaietan informazio puntua jarri dute, eta irailean Zaramagako jaietan izango da ere.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago