Sare Herritarrak jakitera eman duenez, Jose Maria Novoa Arroniz preso zigoitiarra eta Gasteizko bizilaguna Zaballako espetxera itzuli behar izan zen atzo, astearte gauean. Joan den hilean, Eusko Jaurlaritzako Justizia Sailak hirugarren graduan sailkatu zuen, baina Fiskaltzak erabakiaren aurkako errekurtsoa jarri zuen. Orain, Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentralak helegitea izapidetzea onartu du. Espainiako Auzitegi Gorenaren doktrinaren arabera, presoak espetxera itzuli behar izan du, errekurtsoa ebatzi arte.
Novoak 53 urte ditu, eta 23 urte eta erdi daramatza espetxean. 2022an bete zituen bere zigorraren hiru laurdenak.
Presoen etxeratzeari "boikota"
"Legeak ez du inola ere esaten zigorrak espetxeko hormen artean bete behar direnik azken egunera arte, araubide irekian betetzeko aukerarik izan gabe, gizartearekin harreman estuagoan bizitzeko aukera ukatuz", azpimarratu du Sarek. "Eusko Jaurlaritzak eskumena bere gain hartu zuenetik, 43 presori onartu zaie hirugarren gradurako progresioa. Baina 43 horietatik 30en kasuan erabakiaren kontrako errekurtsoa jarri du Fiskaltzak, eta hamalau espetxean sartu ditu Auzitegi Nazionalak, bigarren graduko erregimenean".
Horren aurrean, bere "haserrea" adierazi du Sarek, "berriro ere, oztopoak baino ez dituztelako jartzen presoek aspaldi hasitako espetxe ibilbidea moztu nahian".
"Etxera etortzea eskakizun demokratiko bat da, eta salbuespeneko auzitegiek ez lukete behin eta berriz boikotatu beharko. Horregatik, Zigoitiko eta Gasteizko deialdietan parte hartzeko deia egiten dugu, egoera hori salatzeko", gaineratu dute.