Gasteizko Txosnen kanta ofiziala, Dupla, ETS, Joselu Anayak eta Korrontziren eskutik

Erredakzioa 2023ko eka. 16a, 13:24

Ostegunean aurkeztu dute kanta, Adurtzako jaietan. Argazkia: Gasteizko Txosnak

Adurtzako txosnagunean aurkeztu dute kanta, eta dagoeneko entzun daiteke plataforma digitaletan. Dupla eta Joselu Anayak taldeekin batera, ETSko Iñigo Etxezarretak eta Korrontziko Agus Barandiaranek parte hartu dute.

Lehen aldiz abesti ofiziala izango dute Gasteizko Txosnek. Etorri gugana! izenburupean, Aguraingo Dupla eta Araiako Joselu Anayak taldeak, Ekorako En Tol Sarmiento taldeko Iñigo Etxezarreta eta Mungiako (Bizkaia) Korrontzi taldeko Agus Barandiaran aritu dira kantaren ekoizpen prozesuan, txosna batzordearekin eta, besteak beste, Leire Betolaza, Josune, Laia eta Hekthorfolk-ekin elkarlanean.

Abestia jada entzun daiteke plataforma digitaletan. Hala ere, aurretik zuzenean eta esklusiban entzuteko aukera paregabea izan zen atzo Adurtzako jaietan, Cauce de los Molinos kaleko aparkalekuan kokatutako txosnagunean. Aurkezpenean izan ziren abestian parte hartu duten artistek, beste hainbat lagunez inguratuta.

Aurten, abuztuaren 3tik 9ra

Ekainaren hasieran aurtengo kartela eta egunez eguneko programazioa aurkeztu zuten Gasteizko Txosnek. Abuztuaren 3tik 9ra bitartean, 2023ko Gasteizko jaien barruan, besteak beste, 42 kontzertuz osatutako eskaintza musikala izango da: kartelburuen artean daude Los Chikos del Maiz, Albany, Belako, Tropa Do Carallo, Bulego, Merina Gris, La Excavadora, Skabidean, Ezpalak eta Hofe x 4:40. Xehetasun guztiak hemen: Zer egin ahal izango da aurten Gasteizko Txosnetan?

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago