Adurtzako jaiak ospatuko dituzte ekainaren 12tik 18ra

Erredakzioa 2023ko eka. 8a, 19:00

Adurtzineren jaitsierarekin hasiko dira jaiak, astelehenean. Argazkia: Adurtzako Jai Batzordea

Besteak beste, tailerrak, kalejirak eta txapelketak izango dira Adurtzako jaietan. Ostegunetik aurrera, musika eta festa nagusituko dira, Country Devils, Pubic Enemy, La Munición, Bayou La Batre, Amooma eta askotariko DJekin.

Uda aurreko girotxoarekin, Gasteizko auzoetako jaiek erritmoa hartu dute. Abetxuku, Arana eta Txagorritxuko ospakizunen ostean, eta Judimendiko jaien aurretik, Adurtzako jaien txanda izango da datorren astean, ekainaren 12tik 18ra, astelehenetik igandera, aste osoko egitarauarekin.

Astelehenean hasiko dira festak, urtero bezala Adurtzine sorginaren jaitsierarekin, 19:00etan, eta asteazkenera bitartean askotariko jarduerak izango dira auzoan zehar, jaiak berotzen joateko: gargantua, umeentzako tailerrak, kalejira, kirol txapelketak, hitzaldiak, ardo dastaketa...

Festa leherrarazteko, txosnagunea ostegunean irekiko dute, ekainaren 15ean; iaz bezala, Cauce de los Molinos kaleko aparkalekuan, Paulo Freire ikastetxearen atzean. 19:00etan garagardo artisau dastaketa eta pintxo-potea egingo dute; gau horretan, Country Devils taldeak eta DJ Pezonek girotuko dute txosnagunea.

Ostiralean, ekainaren 16an, berriz, elkartasun afaria eta kontzertuak izango dira: 21:00etan, Los Dar2 taldea Itzela Tabernan; 21:30etik aurrera, txosnagunean, Pubic Enemy eta La Munición.

Larunbatean, hilaren 17an, egun osoko egitaraua izango da, 11:00etatik aurrera: Adurtza Ikastolaren jaia, DJ Malandro, Piri Por Rumbas taldearen kontzertua, gazte bazkaria, futbolin txapelketa, pailazo ikuskizuna, DJ lehiaketa, batukada... Eta, amaitzeko, kontzertuak txosnagunean, Bayou La Batre, Amooma eta DJ Rosa Mariren eskutik.

Igandean amaituko dira jaiak, asteburuko ajea arintzeko Benito Tabernan 16:00etan antolatu duten mus txapelketarekin.

Aurten ere, Cauce de los Molinos kaleko aparkalekuan jarriko dute txosnagunea, Paulo Freire ikastetxearen atzean. Argazkia: Google Maps

 

EGITARAUA

KONTZERTUAK

 

GASTEIZKO AUZO ETA HERRIETAKO JAIAK

Udan zehar, Gasteizko jaien atarian, auzoetako zein batzar administratiboetako jaiak ospatuko dira:

AUZOAK
  • Abetxuku: apirilaren 28an (San Prudentzio) eta maiatzaren 1ean
  • Arana: ekainaren lehen asteburua (ekainak 2-3-4)
  • Txago eta Lakuabizkarra: ekainaren bigarren asteburua (ekainak 9-10-11)
  • San Martin eta Adurtza: ekainaren hirugarren asteburua (ekainak 16-17-18)
  • Judimendi eta Arriaga-Lakua: ekainaren laugarren asteburua (ekainak 23-24-25)
  • Alde Zaharra eta Aranbizkarra: uztailaren lehen asteburua (uztailak 1-2)
  • Lakua: uztailaren bigarren asteburua (uztailak 7-8-9)
  • Zabalgana eta San Kristobal: uztailaren hirugarren asteburua (uztailak 14-15-16)
  • Zaramaga eta Sansomendi: iraileko hirugarren asteburua (irailak 15-16-17)
  • Salburua: iraileko laugarren asteburua (irailak 22-23-24)
HERRIAK
  • Urtarrila: Ariñiz, Otobarren
  • Apirila: Armentia
  • Maitza: Aberasturi
  • Ekaina: Lasarte, Uribarri Dibiña, Zumeltzu, Elorriaga, Arangiz, Arkauti, Matauko, Gardelegi, Monasterioguren, Ilarratza
  • Uztaila: Betoño, Otazu, Foronda, Arangiz
  • Abuztua: Zerio, Mendiola, Ullibarri Nagusia, Gereña
  • Iraila: Astegieta, Otogoien, Arkaia, Argandoña, Margarita, Uribarri Arrazua, Andetxa, Jungitu, Gometxa, Zuhatzu, Legarda, Oreitia, Estarrona
  • Urria: Mendoza
  • Azaroa: Ehari-Gobeu
  • Abendua: Mendoza

ALEAn zure herri edo auzoko jaien berri eman nahi duzu? Bidali informazioa eta egitaraua erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora edo Whatsappetik 645 66 86 02 telefono zenbakira.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago