Gasteizko Txosnen kanta ofiziala, Dupla, ETS, Joselu Anayak eta Korrontziren eskutik

Erredakzioa 2023ko eka. 14a, 13:30

Abestia ostiralean iritsiko da plataforma digitaletara. Argazkia: Gasteizko Txosnak

Ostegun honetan, ekainaren 15ean, Adurtzako txosnagunean aurkeztuko dute kanta. Dupla eta Joselu Anayak taldeekin batera, ETSko Iñigo Etxezarretak eta Korrontziko Agus Barandiaranek parte hartu dute.

Lehen aldiz abesti ofiziala izango dute Gasteizko Txosnek. Etorri gugana! izenburupean, Aguraingo Dupla eta Araiako Joselu Anayak taldeak, Ekorako En Tol Sarmiento taldeko Iñigo Etxezarreta eta Mungiako (Bizkaia) Korrontzi taldeko Agus Barandiaran aritu dira kantaren ekoizpen prozesuan, txosna batzordearekin elkarlanean.

Abestia ostiral honetan entzun ahal izango da lehen aldiz plataforma digitaletan, eta Gasteizko Txosnen sare sozialetara adi egotera deitu dute. Hala ere, aurretik zuzenean eta esklusiban entzuteko aukera paregabea izango da ostegunean, hilaren 15ean, Adurtzako jaietan, 19:00etan Cauce de los Molinos kaleko aparkalekuan kokatuta egongo den txosnagunean. Aurkezpenean izango dira abestian parte hartu duten artistek, beste hainbat lagunez inguratuta.

Dupla eta Joselu Anayak taldeetako kideak. Argazkia: Gasteizko Txosnak

 

Aurten, abuztuaren 3tik 9ra

Ekainaren hasieran aurtengo kartela eta egunez eguneko programazioa aurkeztu zuten Gasteizko Txosnek. Abuztuaren 3tik 9ra bitartean, 2023ko Gasteizko jaien barruan, besteak beste, 42 kontzertuz osatutako eskaintza musikala izango da: kartelburuen artean daude Los Chikos del Maiz, Albany, Belako, Tropa Do Carallo, Bulego, Merina Gris, La Excavadora, Skabidean, Ezpalak eta Hofe x 4:40. Xehetasun guztiak hemen: Zer egin ahal izango da aurten Gasteizko Txosnetan?

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago