Ekainean aurtengo egitaraua aurkeztu ostean, eta EHUren Gasteizko Campusera itzultzeko egun gutxi batzuk falta direnean, Gasteizko Txosnek agerraldi masibo bat egin dute Aihotz plazan, 42 urteotan txosnak posible egin dituzten eragile zein norbanako guztien "lana eta konpromisoa" eskertzeko eta, bide batez, Entxosnatu Egunaren nondik norakoak plazaratzeko.
Montajearen lehenengo egunean, abuztuaren 4tik 9ra arte luzatuko den egitarauaren inguruko xehetasun gehiago emango dituzte, baina urtero bezala egun bakoitzak izaera berezia izango duela azpimarratu dute. Hilaren 4an, ostegunean, txosnaguneko ateak zabalduko dituzte, Broken Brothers Brass Band taldearekin soinuekin 20:30ean hiriko erdialdetik abiatuko den kalejira baten ostean; inaugurazioa eta zintaren mozketaren ondoren, urtero banatzen den Txosnisaria "ilusio handiz bere ibilbideari amaiera eman dion kolektibo bati" emango diote.
Hilaren 5ean, ostiralean, Elkartasun Eguna ospatuko dute. Larunbatean, hilaren 6an, Ikasle Egunaren txanda izango da, eta igandean, hilaren 7an, Gazte Egunarena.
Abuztuaren 8an, astelehenean, Entxosnatu Eguna ospatuko dute, Gasteizko Txosnen egunik bereziena: "Bi urteko etenaldiaren ostean, kolektibo zein norbanako oro berrelkartzeko aukera paregabea izango dugu", aldarrikatu dute. Nobedade gisa, Alde Zaharrean ospatuko da aurten: 12:00etan hasiko da Irrien Lagunak ikuskizunarekin; horren ostean, marianitada musikatua eta herri bazkaria egingo dute, Arabako produktu ekologikoekin; Txan Magoaren ikuskizunaren ostean, txosnibusa abiatuko da Gasteizko Campusera, bertan txosnaguneaz gozatzen jarraitzeko.
42 urteko ibilbidea
"Txosna aurten jartzen duten eragileek, beste urteren batean txosna jarri duten eragileek, bestelako konpromisoak dituzten eragileek, txandak egiten dituzten norbanakoek, eta, finean, Gasteizko Txosnetako 42 urte hauek posible egin dituzten norbanako zein kolektiboek euren aletxoa jarri dute txosnaguneari azken bultzada emateko asmoz", aldarrikatu dute.
"Bi urteotan egoera ez da batere erraza izan; pandemiaren oztopo eta ondorioek, gizartearen esparru ezberdinetan bezala, eragin handia izan dute gurean ere", gaineratu dute. "Baina aldi berean, hausnarketarako eta elkarlanerako aukera ere izan dugu. Horren adibide dira txosnagunerik gabe proiektuak bizirik iraun zedin abiatutako Kalea gara, Kalean gara dinamika, Gasteizko Txosnak proiektu kolektibo gisa indartzeko egindako hausnarketa prozesua edota konfiantzan oinarritutako gune segurua izan dadin sortutako elkarbizitza markoa".
Gasteizko Txosnetako ibilbidea "luzea bezain anitza" izan da, eta horretan parte hartu duten guztiek egindako lana aitortu nahi izan dute: "42 urtez eragile eta norbanako ugari izan dira proiektu hau elikatu eta aberastu dutenak, bakoitzak bere aletxoa jarriz, muntatze eta desmuntatzean lagunduz, kontzertuak emanez, txandak eginez, guztiontzako gune segurua izan dadin lan eginez, askotariko jarduerez gozatuz... Finean, zentzua eta kolorea eman diozue txosnaguneari".
Bi urte txosnagunerik gabe
2019an izan zen Gasteizko Txosnak ireki ziren azken urtea, pandemiaren ondorioz, eta hiru urte beranduago itzuliko dira aurten, "betiko izaerari eutsiz", "jai eredu euskaldun, anitz, parte-hartzaile eta herrikoiaren aldeko apustu garbi" batekin.
Gainera, "guztiontzako espazio segurua" izateko helburuan berretsi dira. "Erantzukizunez jokatzeko deia luzatu nahi dugu: eraso matxistarik gabeko gunea helburu lanean jarraitzen dugu, erasoen aurrean Gasteizko Mugimendu Feministaren Protokoloa gizarteratu eta hau aktibatzeko mekanismoak prest ditugularik", azaldu dute.