Nolakoa izan da berriz txosna gunea martxan jartzea?
Norbanako bezala, baina eragile bezala ere, topatzeko, aldarrikatzeko eta gozatzeko aukera gutxi izan dugu bi urte luze hauetan. Eta, hain zuzen ere, hori dira Gasteizko Txosnak: herri mugimenduak bat egiteko, aldarrikatzeko eta giro sanoan gozatzeko espazioa. Lan handia da, noski baietz, urte osoan zehar militantziak zipriztintzen duen lan handia: bilerak, asanbladak, aurrera eraman dugun hausnarketa luzea… Baina merezi du, urtero merezi du.
Diru iturri garrantzitsua dira txosnak. Nabaritu dute kolektiboek bi urteko eten hau?
Bai, noski. Autogestioa oinarri duen edozein eragilek soberan daki zer garrantzi duten txosnek, eta ez soilik Gasteizen. Hala ere, aurreko galderatik tiraka, arlo ekonomikoaz gain elkartzeko, saretzeko eta aldarrikatzeko falta sumatu dugu. Baina orain bai, gure momentua da.
Programazio potentearekin datoz aurten Gasteizko Txosnak. Aurten lotu duzue programazio osoa?
Aurtengo programazioan badira kontzertuak 2020ko jaietarako lotuta zeudenak, beste asko, aldiz, aurtengo kurtso osoko lanaren emaitza dira. Pandemiak eragindako bi urteko etenaldiaren ostean errealitate musikala, beste alor askorekin gertatzen den bezala, aldatu egin da. Eta Gasteizko Txosnetako eskaintza kultural eta musikala askoren plaza izan nahi du bereziki aurtengo jaietan.
"Norbanako bezala, baina eragile bezala ere, topatzeko, aldarrikatzeko eta gozatzeko aukera gutxi izan dugu bi urte luze hauetan"
Zer berritasun izango ditu aurten txosna guneak? Txosnisaria nori emango zaion erabaki duzue jada?
Aurten zazpi txosna, bi karpa eta karpa komun bat egongo dira unibertsitate eremuan. Bi espazio nagusiez gain (karpa komuna eta agertoki nagusia), gainontzeko txosna eta bi karpek ere euren programazio propioa izango dute. Bestalde, tokiaren banaketari dagokionez, aurten aldaketatxo batzuk espero dira; izan ere, tranbiaren obren eraginez, zenbait espazio birmoldatu behar izan dira, baina ikusten duzuenez campusean jarraituko du txosna guneak. Txosnisariaren berri abuztuaren 1ean bertan emango dugu, muntaketaren barruan egingo dugun azken agerraldian.
Kontzertuekin batera, kolektiboek antolatutako ekitaldien artean zein nabarmenduko zenukete?
Abuztuaren 8ko Entxosnatu eguna aipatuko dugu, izan ere, bi urteko etenaldiaren ostean, kolektibo zein norbanako oro elkartzeko eguna izango da hori. Gasteizko Txosnak 42 urtez osatu eta elikatu duten eragile eta norbanako guztiak batu eta ospatzeko eguna izatea nahi dugu. Alde Zaharrean ospatuko dugu aurtengo Entxosnatu eguna: 12:00etan Irrien Lagunak ikuskizuna, marianitada musikatua eta bazkaria, bertako produktuak lehen lerroan jarriz. Horretaz gain, abuztuaren 5ean elkartasun eguna, 6an ikasle eguna eta 7an gazte eguna izango ditugu, txosnagunea borroka anitzen plaza bihurtzeko nahiarekin.
Auzoetako jaietan udalak komunak ez jartzeko erabakiak zeresana sortu du. Txosna gunean ere arazo bera duzue?
Gure kasuan ez da horrela izan: udalak komunak jarriko ditu. Hala ere, gure egiten dugu auzoetako jai batzorde ezberdinen salaketak: auzoak garbi mantentzea udalaren ardura da.
Aurten ere eraso matxisten kontrako protokoloa martxan izango da Gasteizko Txosnetan, ezta?
Bai, Mugimendu Femistaren eraso matxisten kontrako protokoloa izango dugu, eta edozein eraso prebenitu eta erasoak ematekotan aurre egiteko mekanismo eta lanketak prest ditugu. Erasoak salatzeko telefono zenbakia eskura jarri dute aurtengo jaietan ere: 747 41 48 34.
Zer giro dago Herri Mugimenduko kolektiboen artean? Urduri zaudete? Gogotsu? Txandak beteta jada?
Momentuz, lanpetuta eta gogotsu gaude. Gogotsu, aurretik aipatu dugun guztiagatik; lanpetuta, baita ere, txosnen muntaketa egunek lan handia suposatzen dutelako. Eta eragile eta norbanakoek oso ongi erantzun duten arren, oraindik txandaren bat lotzeke dugu: aukera aproposa da txosnak are eta gehiago kolektibizatzeko, eta horregatik herritar guztiak abuztuaren 1ean hasiko ditugun muntaketa lanetara gonbidatuta daude. Beti dago mugitzeko hesiren bat, ondo kokatzeko kañeroren bat edota eszenatokian laguntzeko lanik.