Aihotz plaza izango da, aurten ere, jaietako bertso-jardunaren erreferentzia nagusia. Baina ez da bakarra izango: hain ohikoak ez diren saioez gozatzeko aukera ere egongo da, eta saio horiek egingo diren lekuek ere badute bere garrantzia.
Jada tradizio dei diezaiokegun bi bertsolariko saioak irekiko du, abuztuaren 5ean, Aihotz plazako bazkalaurreko saioen zerrenda. Maialen Lujanbio eta Alaia Martin ariko dira kantuan. Saio berezia izaten da lehenengo hau: oholtza gaineko gai-jartzailedun saio gutxi dira bi lagunek osatuak. Desafio polita da kantuan aritu behar dutenentzat, eta ikusentzuleek eskertzen dute berrikuntza.
Hasiera indartsuaren ondoren, urteroko ohiko hitzordua izango dute bertsozaleek, egunero, 13:00ean. Oholtza gainean, trikitilarien saioaren ondoren, lau bertsolari eta gai-jartzailea, abuztuaren 6tik 9ra arte. Lau saiok gauza askotarako ematen dute, eta denetariko gaiak izango dira bertan entzungo ditugunak: festa-girokoak, urtean zehar gertatutakoen oihartzuna izango dutenak, eguneroko egoerak, pisu handiko hausnarketak… Arabako Bertsozale Elkarteak bertsolari-talde anitza gonbidatu du horretarako; Aihotz plazatik pasako dira, besteak beste, Peru Abarrategi, Sustrai Colina, Uxue Alberdi, Paula Amilburu, Onintza Enbeita, Asier Azpiroz edo Iñaki Viñaspre.
Bertso-jarduna ez da, ordea, aipatutako plazara mugatuko. Bestelako aukerak ere izango dira. Abuztuaren 3an bertso-poteoa antolatu dute GKSk eta Etxebizitza Sindikatuak, 19:30ean alde zaharrean, Oihane Perea, Julio Soto eta Amets Arzallusekin. Abuztuaren 8an, 18:00etan Foruen plazan, Unai Anda eta Eli Zaldua ariko dira kantuan, bertso-pilota saioan. Kolore berezidun pilota-partida izango da, beraz: bertsolariek frontoian ikusten dutenaren gainean egingo dute bertsotan. Eta saio horrekin ase ez denak, 19:30ean Prado parkera joatea besterik ez du: Oihane Perea, Irati Anda, Iratxe Ibarra eta Kaittin Allenderen eskutik Kilimaterioa ikuskizuna aurkituko du bertan.