GEU Txosnaren inaugurazioa klasiko bat bilakatu da Gasteizko jaien atarian. Hamargarrenez ireki dute gaur Aihotz plazako txosna, GEU elkartearen ekimenez abian jarritako txokoa, erreferentziazko euskal gunea. Eta, hain zuzen, lehendabiziko bultzada hartan izan zirenak gogoratu dituzte gaur: Ane Pedruzo, Eñaut Iraeta, Naroa Cuesta, Iñaki Lazkano, Manuel Moreno, Ximon Iriondo, Patxi Irigoien, Iñaki Perez de San Vicente, Esti Rodriguez, Maialen Pagazaurtundua, Itsaso Estarrona eta Gorka Ortiz de Urbina.
Txosna prest, McOnak eta Azido Folkloriko taldeekin hasi da festa Aihotz plazan, eta hurrengo egunetan ez da etenik izango; bertsolari eta dantza plaza saioekin batera, Kai Nakai, Dupla, Willis Drummond eta Rotten XIII taldeak izango dira bertan.