Iratxe Calvok 11 urte ditu eta Siberiarrak kuadrillakoa da, eta Amets Bustok 13 urte ditu eta Nekazariak taldearekin ateratzen da; Edurne eta Zeledon Txiki izateko aukeratutako haurrak dira. Maider Etxebarria alkateak eta Sonia Diaz de Corcuera Kultura zinegotziak harrera egin diete gaur Gasteizko udaletxean, eta haien senideak eta kuadrilletako ordezkariak ere bertan izan dira.
Alkateak jaietako tresnak eman dizkie: aterkiak eta zahatoa. Abuztuaren 7an, astelehenean, jantziko dituzte, jaietako txikiei eskainitako egunean. Egun horretan egingo dute San Migel dorretik ohiko jaitsiera berezia. Maider Etxebarriak egun hori "ederki" ospatzera gonbidatu ditu. "Bere garaian Edurne eta Zeledon Txikirena egin zuten pertsonei entzutea besterik ez dago horietako inork ahaztu ez duela egiaztatzeko. Seguru etorkizunean ere gogoratuko duzuela".
Alkateak gogoratu duenez, lehen Zeledon Txikia 1983an antolatu zen eta Joseba Bedia blusaren ideia izan zen. Urte hartan ez zen panpinik izan, haurra bakarrik. Hurrengo urtean, lehen panpina jaitsi zen udaletxeko balkoitik La Union tabernaraino. Hainbat urteren ondoren, 2002an, Neska Txiki agertu zen, baina panpina izan beharrean, hezur-haragizkoa. 2008ra arte itxaron behar izan zen Neska Txikik Plaza Berria panpina propioarekin zeharkatzeko. Agertoki horretan ospatu zen txikien jaitsiera 2018an Andre Maria Zurira lekualdatu zen arte, bere "anaia nagusia" den Zeledon bezala.