GEU TXOSNA

Hamarkada batean gorpuztuta

Juanma Gallego 2023ko uzt. 30a, 06:00

2012an Aihotz plazan eratu zutenetik, GEU txosnaren inguruan askotariko ekimenak egin dituzte euskararen bueltan. Argazkia: ALEA

Lehen urtean GEU txosnaren ardura izan zuten lagunen lana aitortuko du aurten elkarteak. Urtez urte, Aihotz plazako euskal gunea ezinbesteko erreferentzia bilakatu da Andre Maria Zuriko jaietan.

Abuztuaren 3an irekiko dute Aihotz plazan, hamargarrenez, GEU txosna. Urtez urte erreferentzialtasuna hartu du euskal guneak, baina hasierak ez ziren samurrak izan. Garai horietan egindako ahalegina aitortzeko, elkarteak txosnaren lehendabiziko urtean egon ziren "hasierako kide ausart eta ameslariei" emango die aurtengo saria: Ane Pedruzo, Eñaut Iraeta, Naroa Cuesta, Iñaki Lazkano, Manuel Moreno, Ximon Iriondo, Patxi Goia, Iñaki Perez de San Vicente, Maialen Pagazaurtundua, Esti Rodriguez, Saioa Fernandez de Aranguiz, Itsaso Estarrona eta Gorka Ortiz de Urbina. Bai, Zeledonen ilusioa gorpuztu duen laguna ere tartean egongo da, azken honen eta Pedruzoren artean solasaldi baten ondoren abiatu baitzen.

Une horiek biziki gogoan ditu Naroa Cuestak. "Abentura bat izan zen. GEUko langileon artean ez zegoen inor halako muntaia batekin esperientzia zeukana", ekarri du gogora. Txandak osatzeko, bederen, nolabaiteko berme bat zutela dio, elkarteko bazkide eta mintzalaguneei esker. Baina lehen urte horretan arazoak pilatzen hasi zitzaizkien. "Egunero ogia amaitzen zitzaigun, izotzik gabe geratzen ginen, ez genekien zenbat sagardo ireki... Oroitzen naiz txanponik gabe geratu ginela, eskerrak gainerako txosnek lagundu zigutela". Beste erronka bat izan zen txosna euskal gune berriaren motorra zela jendeari azaltzea, aurretik ostalaritza zerbitzu baten ardura zelako.

Denborarekin gauzak dezente aldatu dira, baina euskal gunearen misioa ez da desbideratu: bertatik euskara irradiatzea. Hala, aurten ere Euskaraldian landutako ideien bidean sakonduko dute, eta Blusa eta Nesken Batzordearekin elkarlanean hizkuntza ohiturak aldatzeko hainbat ekimen landuko dituzte. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago