Zeledon, kubatar erara

Erredakzioa 2023ko uzt. 30a, 08:00

Abestiaren letra Jesus Mari Alegriak egin du, eta musika Gonzalo Bermudezen esku egon da, Ismaelillo taldearentzat. Argazkia: URREZKO ZELEDONAK

Zalduondoko baserritarra Karibeko uhartera iritsi da, Ismaelillo taldeak egindako abesti baten bidez. Mugarik Gabeko Musikariak elkartearen proposamenez egin du bideoa Urrezko Zeledonak elkarteak.

Mugarik Gabeko Musikariak erakundeko presidente Jesus Mari Alegria Pinttuk egindako proposamen bati jarraiki, Urrezko Zeledonak elkarteak  Kubaraino eraman du Zeledon. Jaien atarian gauden honetan, bideo bat zabaldu dute Kuban grabatutako abestiarekin. Bertako Ismaelillo taldearen esku egon da Alegriak idatzitako hitzak musikara eramatea.

"Uste dugu Zeledon dela hiriko irudirik maitatuena, eta jadanik ozeanoz beste aldean ere abesten diote bihotzez", nabarmendu du elkarteak ohar txiki batean.

Gazteleraz dago kanta, eta Karibean ohikoak diren hainbat erritmo eta dantza jaso dituzte abestian zein bideoklipean.

Besteak beste, Guantanamera ospetsuaren aldaera txikia sartu dute. Horretan, "palmeren lurraldeari" ongi etorria ematen diote Zeledoni. Hori ez ezik, txa-txa-txa erritmoan gozatzera gonbidatu dute vacilón omen den Gasteizko jaietako pertsonaia. Ikusteko dago ea aurten aterkia utzi ostean dantza horrekin ausartuko den Zalduondoko baserritarra.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago