Ehun urte umeak jaten ibiltzea ez da, ez, ahuntzaren gauerdiko eztula, baina, denbora pasata ere, tradizioa bere horretan txukun mantendu izan da Gasteizen. Bilbon izan ziren horretan aitzindariak, munduko hiriburuan 1854an eraiki zutelako lehen Gargantua. Halere, Bilbon pertsonaiak Gasteizen baino ibilbide traketsagoa izan du.
Gurean, hasierako urratsak arras ongi dokumentatuta daude, Gasteizko Udalak berak aurtengo jai egitarauaren atal batean ederki azaldu duenez. Horri esker, jakin badakigu 1917. urtean bertan ekarri nahi izan zutela lehen aldiz Gasteizera, baina horretarako diru nahikorik ez omen zegoen. Bost urte geroago, 1922an, Gasteizko Udalaren osoko bilkurak Tragantua bat erosteko diru partida onartu zuen, Olarizu egunean erabili ahal izateko. Zinegotzi gehienek aldeko botoa eman zuten, baina bost zinegotzi kontra azaldu ziren, diru hori hirian premia handiagoa zuten hainbat konponketatarako erabili behar zela argudiatuz. Beste behin, edozein kontu aspaldi asmatuta dagoen adierazle bikaina da historia.
Behin erosteko erabakia hartuta, Casa Basterra Bilboko enpresari enkargatu zioten Gasteizerako pertsonaia egitea. Harrigarria bada ere, hasiera batean kezka zegoen, Gargantuan sartzea umeentzako kaltegarria izan ote zitekeelakoan, eta, gaur egun Marx anaien filma dirudien korapilo horietako batean, mediku txostena eta udalen arteko gutun bana ere tartean egon ziren. Zorionez, urte horietan ez zegoen zuhurtasun printzipioari jarraiki Gargantuari 30 urteko moratoria jarri ahalko zion Europako Batzorderik, eta, ondorioz, haurrek irentsiak izateko aukera paregabea izan dute urte hauetan guztietan zehar, ipurditik onik aterata.
Orga gainean
1923ko urtarrilaren 6an atera zuten Gasteizen aurreneko aldiz. Orga baten gainean izan zen, bi idik eramanda, Errege Magoen kabalgatan. Lehen ibilaldi hori ez zen lasaia izan. Elurra zegoen egun horretan, eta, hasieran, eguraldiak eutsi egin zion. Kabalgata Plaza Berrira iritsi zenean, berriz, euria eta elurra hasi ziren, eta orduan konturatu ziren tramankulu handia ez zegoela arkupeetan sartzerik, urte bereko Andre Mari Zuriaren jaietan, berriz, haur gasteiztarrek aukera izan zuten Gargantuaz ganoraz gozatzeko.
Orgaren garaia pasata, denborarekin hidrokarburoen ekonomia gailendu zen, eta traktorean eraman zuten. Azken urteotan, furgoneta batean doa, eta ikusteko dago noiz iritsiko zaion elektrolinerara joateko unea. Erresilientziaren aroan, Europari adi egon beharko.
Furgoneta gainean bada ere, nobedade berezi batekin dator oraingoan: txikiteroek egin ohi duten imintzio horretan bezala, poltsikoan txanponak arakatu ditu udalak, eta Gargantuari jantzi berria jarriko dio aurtengo jaietan. Hortaz, traktore gainean ez, baina bai behintzat dotore.