Jaiek aztarna sakona uzten dute horiek bizi izan dituzten lagunen oroimenean, baina, askotan, denborarekin oroitzapen horiek lausotu egiten dira. Argazki zaharrei begira jartzen garenean oroimen horietako asko berpizten dira. Dena dela, argazkiak ez dira, inondik inora, jaiek uzten duten ondare material bakarra. Izan ere, formatu askotako materialetan jasota geratzen dira festak. Alabaina, jasota geratzen diren modu berean, horiek ere paperontzi batean behin betiko desagertzeko arriskua dago.
Zorionez, halakorik ez da gertatuko material hori guztia jasota geratzen baldin bada. Araban, horretan erreferentzia handienetakoa den Sancho El Sabio Vital Fundazioa zeregin horretan aritu da urte luzez, eta, noizean behin, aitzakiaren batetik abiatuta, funtsak arakatu eta material xume hori fokuan jartzen ahalegintzen dira bertako arduradunak.
Hala egin dute oraingoan, aurtengo Gasteizko jaiak bidean direla aprobetxatuz. Dokujai izenburu esanguratsua eman diote fundazioaren egoitzan irailaren 30era arte paratu duten erakusketari.
SARRERA LIBREA IZANDA ERE, ERRESERBA EGIN DAITEKE TEKNIKARIEN LAGUNTZA IZATEKO
Andre Maria Zuriaren ospakizunetan jai ohiturek urteetan zehar izandako bilakaera jasota geratzen da erakusketan, XIX. mendearen amaieratik ia-ia gaurdaino, denbora honetan egin diren kartel, programa, liburu, aldizkari, liburuxka, eranskailu, jai ekitaldietarako sarrera, argazki, egunkari edo bestelako argitalpenen bitartez.
Talde lana
Bilduma fundazioa osatzen duten pertsona guztien talde lanaren ondorio izan dela azpimarratu nahi izan dute ekimenaren aurkezpenean, eta horien izenean izan dira Gurutze Arana eta Rafael Resines teknikariak.
Kontzepzioan, "erakusketa apala" dela aurreratu du Sancho El Sabio Vital Fundazioko zuzendari Jesus Zubiagak. Fundazioan "jai giroa Gasteizera itzuli dela ospatzeko" duten modua dela azpimarratu du Zubiagak. "Talde txikietan gozatzeko" formatu aproposa dela azaldu du, batez ere bisitaldia material hori guztia "hautatu, deskribatu, kontserbatu eta aztertu" duten pertsonen laguntzarekin egiten bada. Zeregin horretan laguntzeko, eta sarrera librea izanik ere, erakusketa ikusteko aldez aurretik erreserbatzeko aukera gomendatu dute.
Horren denbora eremu zabala izanda, erakusketan aukeratutako objektuen bitartez Gasteizen jaiak bizitzeko moduetan egon diren aldaketak ondorioztatu daitezke. "Jaia, erlijiotasuna, ikuskizunak, dibertsioa, errebindikazioa, kuadrilla, gazteria, gehiegikeria, eraldaketa… XX. mendean Gasteizen izandako jai garaiak errepasatzean sortzen diren hitzak dira, besteak beste, frankismotik, trantsiziotik, demokraziatik, nazionalismotik eta feminismotik igarota", azaldu du fundazioak erakusketa aurkezteko prestatu duen oharrean.
Argazkiei dagokienez, besteak beste, Alberto Schommer Koch edo Pablo Cañas bezalako argazkilarien lana jaso dute. Zeledonen jaitsiera, barrakak, abeltzaintza azoka, pregoia, postuak, bigantxak… horiek guztiak jasota geratu dira. Horietako argazki batzuk, gainera, aurrenekoz jarri dituzte orain jendaurrean.