2023ko Gasteizko jaiek badute pregoilaria: Txaro Arrazola (Gasteiz, 1963) diziplina anitzeko artista gasteiztarra. Aurten, berak emango die hasiera Andre Maria Zuriaren omenezko jaiei, asteazkenean, abuztuaren 2an, 21:30ean Plaza Berrian. Ondoren, bi emanaldi izango dira plazan: Sorotan Bele taldearen kontzertua eta Udal Musika Bandaren ohiko emanaldia.
Gasteizko Udalak bere "ibilbide zabala eta konpromiso soziala" hartu ditu aintzat pregoilari izendatzeko. Arrazola askotariko diziplina artistikoetan aritu da, eta batez ere pinturaren arloan garatu du bere jarduera, baina betiere ikus-entzunezko bitartekoekin, argazkilaritzarekin edo eskulturarekin uztartuta.
EHUn Arte Ederretan lizentziatua da, Arabako Arte Lehiaketan lehen saria eskuratu zuen, eta 1989an Araba Aretoan bere lehen erakusketa indibiduala antolatu zuen. Hurrengo urteetan, hainbat beka eskuratu zituen New Yorken bere formakuntzarekin jarraitzeko. Ondoren, Euskal Herrira itzuli zen, bere ibilbide artistikoa irakasle lanarekin bateratzeko, EHUren Leioako fakultatean. Besteak beste, Analisi, Pintura, Kolorea eta Proiektuen Laborategiko eskolak eman izan ditu.
Konpromiso sozialari dagokionez, hain zuzen ere, 2003tik bere lan artistikoaren gai nagusiak izan dira sistema ekonomikoaren krisia, ingurumeneko hondamendiak gogor jasan dituzten txirotasun endemikoko zonaldeetako aldaketa klimatikoak edota errefuxiatuen egoera. "Oso balio sendoko eta kausa sozialekin zein bizileku duen munduarekin oso konprometituta dagoen emakumea da. Artearen bidez, Arrazola hobea eta arduratsuagoa den gizartea eraikitzeko ekarpena egiteko desioa adierazten saiatzen da", aldarrikatu du Sonia Diaz de Corcuera Kultura zinegotziak.
Bere lanak Gasteizko Montehermoso Kulturunean, Bilboko Vanguardia Galerian, Tenerifeko Pedro Modesto Campos Fundazioan, Municheko Kunstarkaden edo Donostiako Arteko Gallerian erakutsi ditu, besteak beste. "Ibilbide zabal eta sendo horri esker, New Yorkeraino eta galeria handietaraino iritsi da", azaldu du Diaz de Corcuerak, gasteiztarrak abuztuaren 2an Andre Maria Zuriaren jaietako pregoiaren irakurraldira gonbidatuz.