Gero eta gertuago daude 2023ko Gasteizko jaiak; zehazki, bi aste pasatxo falta dira Zeledonen jaitsierarako. Dagoeneko ezagutzen ditugu egitarauen inguruko xehetasun gehienak, baina gaurkoan txupinazorako zein jai egunetarako segurtasun dispositiboaren berri eman dute Gasteizko Udalak, Udaltzaingoak eta Ertzaintzak.
Asteazken honetan egin dute Polizia Koordinaziorako Batzordearen bilera, udaletxean. Besteak beste, Maider Etxebarria alkatea, Rodrigo Gartzia Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuordea, Iñaki Gurtubai Segurtasun zinegotzia, Josean Haro Segurtasun Sailaren zuzendaria, Roberto Garcia Tobalina Udaltzaingoaren komisarioa, Karmelo Martinez Sarobe Ertzaintzaren Arabako lurralde-burua eta Iñaki Larrauri Gasteizko Ertzain-etxeko burua bildu dira.
Zeledonen jaitsiera eta jende gehien elkartzen duten ekitaldiak izango dira polizia operatiboaren ardatz nagusiak, eta, bereziki, sexu askatasunaren, ondarearen eta pertsonen aurkako delituen prebentzioan jardungo dute.
Zeledonen jaitsiera eta txupinazoa
Abuztuaren 4an, jaien hasierarekin, Zeledon jaitsiko da San Migel elizako kanpandorretik, eta, urtero bezala, jende asko elkartuko da Andre Maria Zuriaren plazan. Azken urteetan bezala, beirazko objektuak sartzea eta hautsitako botilek zauriak eta ebakiak eragitea eragozteko, Udaltzaingoak eta Ertzaintzak plazako sarrera kontrolatuko dute hamar puntutan: Hedegile, Zapatari, Errementari, Diputazio, Prado, Dato, Posta eta Olagibel kaleetan, San Frantzisko aldapan eta Loma Jeneralaren plazan.
Bi polizietako herritarren segurtasuneko agenteez gain, Ertzaintzaren Lehergailuak Indargabetzeko Unitateko, Txakurren Unitateko, Brigada Mugikorreko eta Esku Hartzeko Unitateko baliabideak izango dira, baita Zaintza eta Erreskate Unitatearen droneak ere.
Sexu askatasunaren aurkako delituak
Txupinazorako dispositibo nagusiaren ostean, jai guztietan zehar, abuztuaren 4tik 9ra bitartean, Udaltzaingoaren zein Ertzaintzaren agente gehiago ibiliko dira kaleetan, eta koordinatuta jardungo dute ondarearen eta pertsonen aurkako delituei eta, bereziki, sexu askatasunaren eta ukigabetasunaren aurkako delituei aurrea hartzeko. Horretarako, bereziki zainduko dira, besteak beste, pertsona asko elkartuko direla aurreikusten diren lekuak, parkeak eta trenbide azpiko oinezkoen pasabideak. Arreta berezia jarriko da etxera itzultzeko orduetan.
Arreta bateratua
Salaketen kudeaketan ere elkarlanean arituko dira bi poliziak. Ertzaintzak Olagibel kalean, Panticosa eraikinean, duen bulegoa zabalik egongo da, etenik gabe, abuztuaren 4ko 07:30etik abuztuaren 10eko 21:30era. Bertan udaltzainek eta ertzainek emango dute arreta, protokoloan ezarritakoaren arabera. Iazko jaietan salatutako delitu guztien bi heren ebasketak izan ziren, eta batez ere diru zorroak eta telefono mugikorrak lapurtu zituzten.
Polizia Koordinaziorako Batzordearen bilera, udaletxean.
Argazkia: Gasteizko Udala